Gizartea -

Indarkeria matxista Gasteizen

Gizona umeari ustez sexu-abusuak egiten saiatu zen

Ikerketako iturrien arabera, umeari sexu-abusuak egiten harrapatu zuen emakumeak bikotekidea. Ondoren, haurra leihotik behera bota zuen gizonak, eta amarekin borrokan hasi zen.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Bikotekideari eraso egin eta haurtxo bat leihotik bota du Gasteizen

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak kasua sekretupean jarri du, baina zenbait hedabidek (Vocento Taldea eta El Mundo) ikerketako iturriak aipatuz zabaldutakoaren arabera, 30 urteko gizonak sexu-abusuak egiten saiatu zen 17 hilabeteko haur txikiari, Aliciari, eta atzo, haurraren amak harrapatu zuenean, leihotik behera bota zuen, Gasteizen.

Umea Gurutzetako Ospitalean dago. Burezurreko traumatismoa du eta larri dago, baina hiltzeko arriskua baztertu dute medikuek. Umearen ama (18 urtekoa) ere ospitalean dago, gizonaren aurkako borrokan kolpe ugari jaso zituelako. Emakumeak zauriak egin zizkion erasotzaileari aurpegian.

Ikerketako iturrien arabera, emakumeak umeari sexu-abusuak egiten harrapatu zuen gizonezkoa. Ondoren, haurra Askatasun kaleko etxebizitzaren lehen solairuko leihotik behera bota zuen gizonak, eta amarekin borrokan hasi zen. Ustezko erasotzaileak 30 urte ditu eta, izatez Sevillakoa bada ere urteak daramatza Arabako hiriburuan bizitzen. Halaber, musika irakaslea da eta Gasteizko Udalaren Musika Kontserbatorioan saxofoia jotzen irakasten du. Antza denez, erasoa gertatu zen gau hartan bertan ezagutu zuen gizonezkoak emakumezkoa eta etxebizitza batera igo ziren gaua elkarrekin igarotzeko.

Umea Gurutzetako zainketa intentsiboen unitatean dago, eta haren egoerak ez du aldaketarik izan. Hasiera batean, Santiago Ospitalera eraman zuten artatzera; izan ere, oso larri zauritu zen leihotik behera erorita. Jon Darpon Osasun sailburuak umea bizirik aterako den esperantza agertu du, baina larri dagoela onartuta.

Ustezko erasotzailea atxiloturik dago, ospitalean, eta azterketa psikiatriko bat egin behar diote.

Hilketa saiakera egotzi diote haurra leihotik behera botatzeagatik. Edonola ere, auzia sekretupean dago.

Gasteiz emakumeen aurkako indarkeria efe

Argazkia: EFE

Elkarretaratzea asteartean

Bestalde, Gasteizko Plataforma Feministak elkarretaratzea deitu du, indarkeria matxista gaitzesteko. Kontzentrazioa Andre Maria Zuriaren Plazan egingo dute, 19:30ean, talde horrek jakinarazi duenez.

Euskadiko Guraso Bananduen Federazioak (Kidetza) ere salatu du astelehen honetan Gasteizen izandako erasoa, eta "gaitz larri honi aurre egiteko" eztabaida bat hastea eskatu du. "Gaitzespen adierazpenetatik ekintzetara pasatu behar gara", azpimarratu du.

Genero indarkeriak haurrengan dituen ondorioez ohartarazi du Save the Children erakundeak

Euskadiko Save the Children erakundeak erasoak gaitzetsi ditu, eta indarkeria matxistak haurrengan dituen ondorioez ohartarazi du. Horren hitzetan, "haurren giza eskubideen urraketa izugarria da".

Erakundeak haurren kontrako indarkeria mota guztiak salatu ditu, eta genero indarkeriaren biktima diren haurren babesa bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak erabiltzea eskatu du.

"Erakundeek eta gizarteak jabetu behar dute zeinen garrantzitsua den indarkeria erabiltzen ez den etxe batean haztea", Save the Childrenek ohar bidez jakinarazi duenez. Bestalde, aipaturiko erakundeak sinadura bilketa hasi du haurrak indarkeria mota guztietatik babestuko dituzten legeak egitea eskatzeko alderdi politikoei eta Espainiako Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Delituak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Eguneko albisteak Mundu matxista Nerabezaroa albisteak Erailketak