Gizartea -

Eusko Jaurlaritza

Erkoreka: 'Gasteizkoa bezalako kasuen aurrean asko dago egiteko'

Bestalde, emakumeen aurkako indarkeriaren “gaitzarekin” bukatzeko “herritarren kontzientziazioa eta lankidetza” eskatu dituzte Arabako Batzar Nagusiek.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB
'Oraindik asko dago egiteko pedagogikoki eta kontzientziazioan'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ahotan, Gasteizkoa bezalako kasuen aurrean pedagokikoki eta kontzientziazioan “oraindik egiteko asko dugu”. 17 hilabete ume bat leihotik behera bota zuen gizon batek astelehenean, eta aldez aurretik sexu-abusuak egin izana litekeena da.

ETB 1eko 'Egun On Euskadi' saioan egindako elkarrizketan, “pertsona askok, batez ere gizonezkoek, aspaldiko eskema mentalak” izatea deitoratu du Erkorekak.

“Beste neurri batzuk hartu beharrean, lehenago kontzientziazioan oinarrizko lan bat egin behar dugu, neurri legalak, zaintza eta polizia ahal den neurrian kasu mota horiek saihesteko daudelako”, ziurtatu du.

Arabak herritarren kontzientziazioa eta lankidetza eskatu du

Bestalde, “adingabearen hilketa” eta haren amaren aurkako erasoa gaitzesteko adierazpen instituzionala adostu dute Arabako Batzar Nagusiek. Emakumeen aurkako indarkeriaren “gaitzarekin” bukatzeko “herritarren kontzientziazioa eta lankidetza” eskatu dute Batzar Nagusiek.

Adierazpenean, “erabateko gaitzespena eta atsekabea” azaldu dute Arabako Batzar Nagusiek. Era berean, “genero indarkeria gaitzetsi” dute, “gizartearen arazo larria delako, biktimek, emakumeek nahiz adingabeek kasu honetan bezalaxe, kalte psikologiko eta fisiko konponezinak jasaten dituztelako”.

“Emakumeen aurkako indarkeria emakumeen duintasunaren eta segurtasunaren kontrako eraso bat da, eta giza eskubideen urraketa larri onartezina da”, salatu du erakundeak.

Azkenik, “Arabaren gaitzespena” argi uzteko elkarretaratze eta manifestazio guztietan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Zentzu horretan, foru jauregiaren aurrean, 12:00etan, elkarretaratzea egin behar dute.

Emakundek umearen hilketa gaitzetsi du

Era berean, Emakundek erasoa gaitzetsi du. Haurraren amari babesa adierazi dio erakundeak agiri batean.

“Eraso basatia” salatu du, eta “emakumeen aurkako indarkeria kasu guztien kontra” azaldu da. Gainera, “emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako jarrera aktiboa azaltzeko” eskatu dio gizarteari.

Ikerketa judizialak “aurrera egitea” eta sumario-sekretua altxatzea espero du.

Azkenik, Gasteizko udaletxearen aurrean, eguerdian, egin beharreko elkarretaratzean parte hartzeko eskatu die Emakundek herritarrei. Izaskun Landaida erakundeko zuzendaria bertan izango da.

Clara Campoamor: "Genero indarkeriaren ekintza mespretxagarrienaren aurrean gaude"

Akusatuari kartzelaldi iraunkor berrikusgarria ezartzea eskatuko du Clara Campoamor elkarteak auzian. Kasuan herri akusazioa izango da elkartea. “Genero indarkeriaren ekintza mespretxagarrienaren aurrean gaude, eta zigorrik handiena merezi du”, esan du elkarteak.

Zigor Kodearen azken erreformak aurreikusitako zigorrik handiena eskatuko dutela adierazi du Jose Miguel Fernandez elkarteko ordezkariak agiri batean. “Haurtxo baten hilketa dela ulertzeko baldintzak eman daitezke, litekeena da, genero indarkeria delitu baten beste ikerketa bat saihesteko”, esan du Fernandezek.

“Kontrola galdu duen pertsona bakarti baten kasua” ez dela izan erantsi du Fernandezek, “genero indarkeria ekintza larriena baizik”. “Zoritxarreko hilketa adibiderik argiena da, neskato eta mutikoak daudenean, ama ez da biktima bakarra, baita seme-alabak ere”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Arabako berriak EAE albisteak Gaurko azken orduko albistea