Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Ustezko hiltzailea espetxeratzeko agindua eman du epaileak

Zaballako espetxera eramango dute ondorengo orduotan. Santiago Ospitalean dago, oraindik, atxilotutakoa. Medikuek alta agiria eman zain daude, kartzelara eramateko.

Leihotik behera bota zuten urte eta erdiko umea. EFE.
Dolumin keinu etengabeak Aliciaren oroimenez

1:57

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen hildako urte eta erdiko neskatoaren ustezko hiltzailea Zaballako espetxean sartuko dute, eta ez psikiatria zentro batean. Polizia iturrien arabera, ustezko hiltzaileak, 30 urteko gizonezkoak, sexu abusuak egin zizkion haurrari, eta amak harrapatu zuenean, leihotik behera jaurti zuen umea eta emakumeari ere eraso egin zion. Jasotako kolpeen ondorioz, atzo hil zen haurra.

Genero indarkeria kasuak ikertzen dituen Gasteizko Epaitegiko epaile-titularrak Santiago Ospitalean hartu dio deklarazioa, gaur goizean, ustezko hiltzaileari. Oraingoz, hango Psikiatria Unitatean dago atxilotuta. Arabako Fiskaltzak baieztatu duenez, atxilotutako gizonezkoa espetxeratzeko agindua jaso du epaileak autoan.  Medikuek alta agiria eman zain daude, orain, kartzelara eramateko.

Josu Izagirre Arabako fiskalburuaren arabera, baliteke gaur arratsaldean bertan eramatea ustezko hiltzailea Zaballako espetxera.

Fiskaltzak, oraingoz, bi delitu leporatuko dizkio atxilotutakoari; umea hiltzeagatik, hilketa delitua, eta ama hiltzen saiatzeagatik, hilketa saiakera delitua. Baliteke, halaber, sexu abusuen delitua ere egoztea, haurrari sexu gehiegikeriak egin zizkiola baieztatuko balute ikertzaileek.

Haurraren gorpuari gaur ez diote autopsiarik egingo, epaitegietako iturriek goizean hala zabaldu duten arren. Ziurrenera, bihar egingo diote autopsia.

Auzi-medikuak azterketa egin dio, gaur goizean, atxilotutako gizonezkoari, eta horren ondoren erabaki du epaileak kartzelara bidaltzea, eta ez psikiatria zentro batera. Clara Campoamor elkarte feminista akusazio gisa aurkeztuko da auzi honetan, eta iragarri duenez, espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatuko du ustezko hiltzailearentzat.

Gaitzespena

Gertatutakoa salatzeko, Gasteizko Askatasun kaleko 14. zenbakia aldare bihurtu dute herritarrek. Neskatoaren oroimenez, kandelak eta pelutxeak paratu dituzte bizilagunek bertan.

Gasteizko Udalak, bestalde, elkarretaratze isila deitu du gaur eguerdirako. Astelehenean jasandako "eraso basatiaren" ondorioz jazotako "gertakari krudelak" gaitzestea izan du helburu bilkurak.

Hainbat erakundetako eta elkartetako ordezkariek hartu dute parte bilkuran. Besteak beste, elkarretaratzean izan dira  Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. Gertatutakoa gaitzetsi dute, eta haurraren amari babesa eskaini diote.

Urtaranek esan duenez, gainerako erakundeekin elkarlanean ari dira, umearen amari "laguntza eta babesa" eskaintzeko. Herritarrei, eta "batez ere, gizonezkoei", dei egin die alkateak, "indarkeriarik gabeko gizarte baten eraikuntzan parte har dezaten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Tratu txarrak Eguneko albisteak Gasteiz berriak Eguneko albisteak