Gizartea -

Balantzea

Delituen kopuruak % 3,21 egin zuen behera Euskadin 2015ean

Alarma handiena sortzen duten arau-hausteak murriztu ziren gehien, esaterako, indarkeria bidezko lapurretak eta etxebizitzetako lapurretak. Hala ere, familia barruko tratu txarrek gora egin zuten.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

83.996 delitu erregistratu zituen Ertzaintzak 2015ean, 2014an baino % 3,21 gutxiago. Beherakada horrek adierazten duenez, finkatu egin da delinkuentziaren beherako joera EAEn azken sei urteetan, Segurtasun Sailak agiri batean azaldu duenez. Orain dela sei urte, EAEko delitu-tasa 1.000 biztanleko 42,76 delitukoa zen; 2015ean, baina, 38,37ra murriztu zen.

Ildo horretatik, gizartean alarma handiena sortzen duten arau-hausteak murriztu ziren gehien 2015ean, esaterako, indarkeria bidezko lapurretak eta etxebizitzetako lapurretak.

Ondarearen kontrako arau-hausteek (arau-hauste guztien ia hiru laurden izan ohi dira) pixka bat egin zuten behera 2015ean (% 0,76). Lapurretak murriztu ziren gehien (% 12,29), eta, horien barruan, etxebizitzetako indarkeria bidezko lapurretak (% 21,13). Azken horien kopuruak behera egin zuen bai etxebizitzen kasuan (% 29,66) bai trasteleku eta horien ondoko eraikinetan (% 10,98).

Hilketen kopurua pixka bat igo zen 2015ean aurreko urtearen aldean; hain zuzen ere, 10etik 11ra. Nolanahi ere, alderdi positibo gisa nabarmendu daiteke poliziak horiek guztiak argitu dituela eta ustezko egileak justiziaren esku daudela.

Tratu txarrek gora egin dute

Familia barruko tratu txarrek gora egin zuten (% 9,53), eta murriztu egin ziren familia barruko ohiko tratu txarrak (% 4,05). Sexu-askatasunaren kontrako delituek, bestalde, gora egin zuten apur bat (% 1,64). Horien barruan, sexu-erasoek behera egin zuten (% 7,28).

Oro har, behera

Delinkuentziak, oro har, behera egin zuen iaz EAEn. Bizkaian murriztu zen gehien (% 4,15), baina Gipuzkoan (% 2,21) eta Araban (% 1,26) ere egin zuen behera.

Gauza bera gertatu zen hiru hiriburuetan. Donostian murriztu zen gehien (% 8,80), baina Bilbon (% 1,14) eta Gasteizen (% 0,47) ere egin zuen behera. EAEko hiri nagusietan ere beherako joera izan zen nagusi: Irun (% 11,37), Barakaldo (% 9,62) eta Getxo (% 3,99).

Atxiloketen kopuruak % 3,5 gora egin zuen iaz (22.246 pertsona atxilotu eta inputatu zituzten 2014an, eta, 23.046, berriz, 2015ean).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza EAE Delituak azken ordukoa Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Ebasketak albisteak