Euskara -

Lankidetza hitzarmena

Euskararen erabilera bermatzeko konpromisoa hartu dute 10 denda handik

Jaurlaritzarekin ituna izenpetu dute Carrefour, Inditex edota Mercadona merkataritza kateek. Idatzizko zein ahozko harremanetan euskaraz aritzeko konpromisoa hartu dute.

Ituna sinatzeko unea. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Ituna sinatzeko unea. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Ituna sinatzeko unea. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bezeroekin dituzten harremanetan, idatzizkoak zein ahozkoak, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko konpromisoa hartu dute hamar merkataritza kate handik, eta konpromiso horren lekuko, lankidetza hitzarmena izenpetu dute Eusko Jaurlaritzarekin.

Carrefour, Inditex, Mercadona, El Corte Ingles, Eroski, Fnac, Media Markt, Sabeco, Uvesco eta Forum saltokiek sinatu dute euskararen erabilera bermatzeko ituna. Hitzarmena aurkezteko prentsaurrekoan, enpresotako ordezkariak, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea izan dira gaur.

Sinatutakoaren arabera, "indarrean dagoen araudiak herritarrei aitortzen dizkien hizkuntza eskubideak bermatzeko" konpromisoa hartu dute 10 enpresa hauek, eta horren isla beharko dute aurrerantzean bezeroarekin dituzten idatzizko zein ahozko hartu-emana.

Idatzizko eta ahozko komunikazioa

Idatzizko harremanetan euskaraz zein gazteleraz arituko dira dendok: seinaleak, kartel eta errotuluak, inprimaki eta katalogoak, kontratuak, fakturak eta aurrekontuak, esaterako. Agiriok kontsumitzaileak aukeratutako hizkuntzan egingo dira, "ahal bada", eta, bestela, "elebitan".

Ahozko harremanei dagokienez, bezeroari arreta ematen dieten zerbitzuetan kontsumitzaileak aukeratutako hizkuntzan hartzeko "ahalegina" egingo dute, eta eskakizun hori kontuan hartuko dute kontratazio berriak egiteko orduan.

Eusko Jaurlaritza lagun izango dute bide honetan merkataritza enpresok. Informazio emateaz gain, aholkularitza lanak eta zerbitzuak eskainiko dizkie.

Propio sortuko duten jarraipen batzorde batek hitzarmena betetzen ari ote den aztertuko du.

"Denok irabazle"

"Eskubide linguistikoak bermatuta, denok gara irabazle", nabarmendu du Uriartek.

Baztarrikaren hitzetan, "abantaila konpetitiboa da euskarazko zerbitzua eskaintzea". Ohartarazi duenez, oraindik bide luzea dago arlo horretan, hizkuntza eskubideak bermatzen duten enpresen tasa % 35ekoa baita oraindik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eroski Euskara Eusko Jaurlaritza Mercadona Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Erosketa saskia