Gizartea -

Haur transexualitatea

'Ama, ni ez naiz neska; ni mutila naiz'

Transexualitate egoeran dauden umeen familien arabera, euren seme-alabak hitz egiten hasi bezain pronto hasi ziren adierazten zer ziren. Euskal Herrian, 400 haur eta gazte transexual egon daitezke.

Sergi Perez zuzendariaren 'Vestido nuevo' filmeko protagonista
Sergi Perez zuzendariaren 'Vestido nuevo' filmeko protagonista
Sergi Perez zuzendariaren 'Vestido nuevo' filmeko protagonista

Maider Beistegi (Bilbo) | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ama, zuk ere txikitan mutil izan nahi zenuen?". Ametsek lau urte zituela adierazi zion bere amari, irmo, zalantza izpirik gabe, sentitzen zuena. Baina askoz ere lehenagotik, bi urte zituenetik, hasi zen bere nortasuna azaleratzen, alegia, bere identitate sexuala ez zetorrela bat jaiotzean genitalei begiratuta 'esleitu' zitzaionarekin.

"Bi urte eta piku zituenean, argazki bat atera nion bere gelari, eta konturatu nintzen berak zituen gauzak mutilen gauzak zirela. Hitz egiten hasi zenean, galdetzen zidan ea 'guapo' ote zegoen. Eta guk zuzendu egiten genion: 'Guapa. Zu neska zara; mutilen gauzak gogoko dituen neska zara'. Esaten genion mutilek zakila dutela, eta berak ezin zuela mutil izan, zakilik ez duelako. Guk pentsatzen genuen, bi neba nagusi zituenez, haien modukoa izan nahi zuela", dio Maitenak, orain sei urte dituen Ametsen amak.

Hain justu, transexualitate egoeran dauden haurren familia gehienek adierazten dutenez, euren seme-alabak hitz egiten hasi bezain pronto hasi ziren adierazten zer ziren. "Haurrak jaiotzen direnean, genitalei begiratzen diegu neska edo mutila den iragartzeko. Baina sexu-identitatea, eta identitatea, orokorrean, ez dago hankartean, buruan baizik. Gertatzen dena da, kasu gehienetan, gizon sentitzen direnek zakila dutela, eta emakume sentitzen direnek, alua. Zientziaren aldetik oraindik zehaztu behar bada ere, 1.000 kasutik batean hau ez da horrela. Ikerketen arabera, 1.000tik batean, mutila da alua izanda, eta neska zakila izanda. Bi urteren inguruan, hizkuntzaren eta pentsamendu sinbolikoaren konkistan hasten dira haurrak. Orduan hasten dira adierazten euren sexua. Pertsonak edo txakurrak bereizten hasten diren bezala hasten dira neskak eta mutilak bereizten, 'neska naiz' edo 'mutila naiz' esaten", azaldu digu Aingeru Mayor sexologo eta Chrysallis Euskal Herria elkarteko presidenteak.

 

('Tomboy', Celine Sciammaren film frantziarra)

Entzuten jakin

Etxeko giroa ezinbestekoa da benetako identitate sexuala agertzeko. "Umeak hori kontatzea ahalbidetzen dion ingurunea badu, lehenago kontatuko du, eta, bestela, agian, ezkutatzen hasiko da. Transexualitatea ez da gaixotasun bat, ez dago diagnostikatzerik, gakoa haurrei entzutea da", ohartarazi du Mayorrek.

Errealitate hau ezagutaraztea eta gurasoei pentsagarri egitea dira, horrenbestez, ume hauek behar bezala hazteko gakoak. Izan ere, "errealitate honen inguruan ezer ez dakienak umeari behin eta berriz esango dion mezua da ezin duela izan bera dena hankartean duenagatik. Horrelakoetan umeak egiten duen gogoeta da ez duela eduki nahi berak duena bera dena izan ahal izateko".

Gurasoen onarpena ez duten haurrek arazo handiak izan ditzakete euren genitalen kudeaketarekin, eta egoera horrek umea genitalak ebaki nahi izatera eraman dezake, Mayorren esanetan.

Hiru urte eta erdirekin jantzi zion Maitenak azken soinekoa Ametsi. "Etxean ere, guda bat bizitzen hasi ginen. Janzteko ordua zen gogorrena. Inoiz ez zuen prestatutako arropa jantzi nahi. Gure kasuan, aldaketa, dena dela, apurka-apurka izan da. Mutikotzat duten haur bat bat-batean ikastolara soinekoekin joatea deigarriagoa da. Baina neskatzat duten haur bat mutilez jantzita badoa, txandalarekin, ile laburrarekin… jendeak ez dio buelta askorik ematen". Hala, familian eta eskolan ondo babestu dute Amets. Sozializazio prozesuan, halere, jendearen ezjakintasuna handia dela esan digu ume bizkaitar honen amak. "'Berak nahi badu…', esan izan digute. Nahi izatea izango bazen, nork aukeratuko luke biderik zailena?".

 

(Ma vie en Rose, Alain Berlinerren film ezaguna)

Dolua

"Dolua". Hitz horrekin deskribatu du Maitenak bere alaba semea dela onartu arte igarotako prozesua. Amets alabari agur esan, eta Amets semearen etorrera onartu behar izan du. Iaz, haurrak bost urte zituela, onartu zuen ordura arte lau hormen artean gelditzen zenak muga hori gainditu eta gizarteratzeko beharra zuela Ametsek. "'Zergatik jaio naiz gorputz honetan, ni mutila banaiz?', galdetu zidan behin. Nik esan nion guk bagenekiela mutila zela, eta ez zuela inporta besteek zer uste zuten. Berak, baina, baietz erantzun zidan, inporta zuela, besteek ez baitzuten ikusten bera mutila zela".

Hurrengo egunean, semeari eskutik heldu, eta arropa erostera joan ziren. Handik gutxira elkartu zuten familia, gertatzen ari zena kontatzeko.

Chrysallis

Adituen arabera, azken urteetan fenomeno berri bat azaleratzen ari da; euren haurrei entzuten dieten gurasoena, adituei haur hauen egunerokoa errazteko lanean jar daitezen eskatzen ari diren gurasoena, alegia.

Euskal Herrian, 400 haur eta gazte egon daitezke transexualitate egoeran, ikerketen arabera. Horietako batzuen familiak berriki sortu den Chrysallis Euskal Herria elkartean batu dira. Abi Labaien asteasuarra da elkarteko koordinatzailea. Martxoan sortu zuten 8 familiak, eta kopurua ia hirukoiztu egin dute hilabete gutxian. Prozesu luze eta malkartsuan gurasoen bidelagun izateaz gainera, Hezkuntza, Osasuna eta Justizia haur transexualen errealitatera egokitzea da elkartearen borroka nagusia.

chrisallys euskal herria

(Chrysallis Euskal Herria elkarteko ordezkariak)

Abiren ustez, Hezkuntzan egin behar da lanik handiena, "begirada aldatzen badugu, gure gizartea aldatzen hasiko delako". Euskal Herrian transexualitate egoeran dauden haurren eskolekin elkarlanean ari da Chrysallis, kasuan kasu, eta, erantzuna ona bada ere, honen inguruan ezjakintasun handia dagoela esan du.

Jaurlaritzak ere badu lan hau egiten ari den zerbitzu bat (Berdindu Eskolak), baina "inplikazio handiagoa" eskatzen dute elkartetik, Hezkuntza komunitate osoa hezi behar delako, Aingeru Mayorren arabera.

Protokoloa eskoletan

Zaila da gauetik goizera generoa aldatzea, eta, hori dela eta, prozesu horretan dauden haurrei bidean laguntzeko, ikastetxeetarako protokoloa lantzen ari dira Eusko Jaurlaritzarekin. Besteak beste, komun eta aldagelen erabilera bermatzeko, edo haurrak izena aldatzea erabaki badu, eskolako dokumentazioan berak hautatutako izena agertzeko. "Ez dago bermatuta ikasgeletan beste haurrekin esku-hartze pedagogikoa egitea, profesionalek aniztasuna lantzeko. Horrez gain, eskola materialak berrikusi beharko lirateke, eta aniztasuna eta errespetua landu, aniztasun guztiak bilduko dituen Hezkuntza izateko".

Osasuna

2012ko legeak jasotzen duen bezala, osasun-zentroek eskuragai izango duten pertsona transexualen arretarako gida egiten ari dira. Izan ere, gaur egun pediatra da haur horien gurasoek kontsultatzen duten lehen profesionala, eta gaur-gaurkoz ezjakintasun handia dute horren inguruan. Hain justu, horrek dakarren arriskuaz ohartarazten dute adituek. Osakidetzak Gurutzetako Ospitalean du Genero Unitatea, eta Psikiatria Zerbitzuaren barruan dago. Familien ustez, hori "mingarria" da oso. "Espero dezagun gida hau ateratzen denean Genero Unitatea ez egotea Psikiatriaren barruan, transexualitatea ez baita gaixotasun bat".

(Sergi Perezen 'Vestido nuevo' laburra)

Blokeatzaileak

"Zer egingo dut titiak hasi eta hilerokoa etortzen bazait?", galdetu zion Ametsek amari behin, lau urte zituela, oheratu aurretik, kezka biziz.

Nerabezaroa garai gogorra da pertsona transexualentzat. Aingeru Mayorrek azaltzen duenez, "nerabezarora heltzen direnean, 10, 11 edo 12 urterekin, kasu gehienetan ez dute nahi garatzea beste sexuaren sexu-ezaugarri sekundarioak" .

Nerabezaroaren hasiera atzeratzeko, bada, blokeatzaile hormonalak har ditzakete, aro horretan giza gorputzean gertatzen diren aldaketa hormonalak gelditzeko. "Testikuluak dituzten nesken kasuan, ahotsa ez larriagotzea eta gorputzeko eta aurpegiko ilea edota zintzur-sagarra ez ateratzea ahalbidetzen dute. Obarioak dituzten mutilen kasuan, titiak handitzea eta hilekoa bera ekiditen dute".

Giza gorputzak nerabezaroan izaten dituen aldaketak galgatu egiten dituzte, baina blokeatzaileak utziz gero, gorputzak bere martxa hartzen du berriro, prozesua atzera egingarri bihurtuz. Leo izan da, hain justu, Osakidetzan blokeatzaileak hartzen hasi den lehen umea Euskadin.

Herbehereetan egindako ikerketek azaleratu dutenez, "igarotzea" erraztea funtsezkoa da, eta haur hauen etorkizuna norabide batean edo bestean jar dezake. "Blokeatzaileak eta aurrerago hormonak hartzen dituzten gazteen kasuan, bizi-kalitatearen adierazleak (autoestimua, gorputzarekiko onarpena, besteekiko harremana…) euren adineko beste gazteen mailakoak dira", Mayorren esanetan. Beste aldean, oso kezkagarria da heldu transexualen populazioaren suizidio-tasa. Heldu transexualen % 41 inoiz saiatu da bere buruaz beste egiten.

Dokumentazioa

Burokrazia ere mantsoa da. Erregistroan izena aldatzeko izapidea egiten dute lehenengo, baina sexuaren aipamena aldatzeko baldintzak oso zorrotzak dira. Gaur egun, 18 urte baino gehiago izan behar dira, eta gutxienez bi urte eman behar dira tratamenduan dokumentazioan sexuaren aipamena aldatzeko. Abik albiste pozgarria jaso du orain gutxi: bere alabaren izena NANean ofizialki aldatzea lortu du. "Duela bost hilabete egin zuen nire alabak aldaketa, Luken izateari utzi eta Luzia izateko, baina agirietan Luken izaten jarraitzen zuen".

Abenduan onartu du Jaurlaritzak dokumentazio administratiboari buruzko dekretu aitzindaria, benetako sexua jasotzen duen txartel identifikagarria izan dezaten aldaketa hori Erregistro Zibilean jaso arte. Txartel hori duten pertsonek beraiek hautatu duten sexuaren arabera artatuak izateko eskubidea izango dute, bai osasunaren bai hezkuntzaren alorrean.

Chrysallis Euskal Herria elkartetik adierazi dutenez, aurrerapauso handia da, baina adabakia jartzea bezalakoa, ez baitu Estatu mailan baliorik izango. Abiren esanetan, duela bost hilabete egin zuen aldaketa hori bere alabak, baina Luken zen orain arte administrazio-agiri guztietan. Dekretu horri esker, Luzia eta emakumezkoa jarriko du aurrerantzean euskal administrazioaren agiri guztietan.

Izan ere, NAN nortasun agiri ofizialean izena eta sexuaren aipamena aldatzeko izapideak azkartzeko aldarrikatzen dute adingabe hauen familiek. Eta, berandu baino lehen Espainiako Parlamentuan pertsona transexualen inguruko legea egitea espero dute. Gorabehera handiko prozesu aldapatsu honetan haur hauen bidea errazteko. Finean, euren nortasunarekin borroka egiteari utzi eta haurren ardurei ekiteko: jolasteari, ikasteari eta bizitzeari…izateari, azken finean.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaiak sakonean Eguneko albisteak