Gizartea -

Sabino Arana sariak

CEAR:'Europa bilduta dagoen bitartean, errefuxiatuak hiltzen ari dira'

Sabino Arana Fundazioaren sarietako bat jaso du CEAR Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordeak.

Sabino Arana Fundazioaren XXVIII. edizioko irabazleak. Argazkia: EFE
Sabino Arana Fundazioaren XXVIII. edizioko irabazleak. Argazkia: EFE
Salmond, Garamendi eta CEAR-Euskadi, Sabino Arana fundazioko saridunak

2:15

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Galparsoro CEAR Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko batzordeko presidenteak salatu duenez, "Europak batzartuta jarraitzen du, ez bat eginda, eta bitartean errefuxiatuak hiltzen ari dira". Gainera, "goitik beherako" aldaketa egitea eskatu du errefuxiatuen arazoari "modu kolektiboan eta solidarioan" aurre egiteko.

2015eko Sabino Arana sarien banaketa ekitaldia egin da gaur Bilboko Arriaga antzokian eta, saria jasotzerako orduan, Europak errefuxiatuen krisiaren aurrean izan duen jarrera salatu du Galparsorok. "Gure lanagatik eman digute saria, baina sariak errefuxiatuentzat izan behar du. Ia 60 milioi errefuxiatu daude eta horietatik milioi bat pasatxo Europara iritsi ziren iaz", azpimarratu du.

Irailean Europar Batasuneko 25 herrialdek bi urtean 160.000 errefuxiatu hartzeko konpromisoa hartu zuten, baina "gaur arte, 331 pertsona baino ez dira heldu kontinentera". Estatu espainiarrak 18 errefuxiatu hartu ditu eta horietatik 3 daude Euskadin.

Galparsororen hitzetan, "izugarria da Europak eta gure herrialdeak duten amnesia historikoa". Gainera, asilorako eskubideak demokraziaren maila oso ongi definitzen duela azpimarratu du.

Bestalde, "goitik beherako" aldaketa eskatu du errefuxiatuen auziari "modu kolektiboan eta solidarioan" aurre egiteko eta pertsona horiek nazioarteko babesa izatea lortzeko.

2015eko Sabino Arana sariak

2015eko Sabino Arana sariak banatu dituzte igande honetan Bilboko Arriaga antzokian egin den ekitaldian. Hauek dira aurtengo saridunak: Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia, John Garamendi AEBtako Ordezkarien Etxeko politikari demokrata eusko-kaliforniarra, Maialen Chourraut arraunlari gipuzkoarra, CEAR-Euskadi Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea, Leopoldo Zugaza kultur eragilea eta Velatia industria-talde teknologikoa.

Sabino Arana Fundazioak Alex Salmond saritu nahi izan du "Eskoziako herritarren borondatea eta eskoziarren asmo demokratiko eta bidezkoak adierazteko bideari ofizialtasuna aitortzea lortzegatik".

Aldi berean, John Garamendi AEBetako Ordezkarien Etxeko politikari demokrata eusko-kaliforniarrak egindako lana ere goretsi du, "AEBetan euskal izaera bizik mantentzearen alde egindako ekarpenarengatik".

Bestalde, Maialen Chourraut arraunlari gazteak, jarleku bakarreko kayak ontziko espezialistak, ere saria jaso du. Europako txapelduna da eta "ondo baino hobeto erakutsi digu eguneroko lana, eguneroko ahalegina, nekea eta apaltasuna giltzarik onenak direla goi-mailako kirol-lehiaketan arrakasta lortzeko eta nazioarteko aitorpena norbereganatzeko" azpimarratu du Fundazioak.

Sabino Arana Fundazioak Leopoldo Zugaza bibliografoa, editorea eta kultur eragilea ere saritu du, "euskal kulturari egindako berebiziko ekarpenagatik".

Azkenik, Sabino Arana Fundazioak Velatia industria-talde familiarra eta euskal enpresaren eredua goretsi eta saritu du, "pertsonekiko konpromisoari, enplegua sortzeko konpromisoari eta aberastasuna Euskadin eta Euskadirentzat sortzeko konpromisoari eutsi dielako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea bideoak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan