Gizartea -

Iparraldean

Jitoan eta kostalderako noranzkoan dabil 'Modern Express' ontzia

Zamaontzi panamarrak bost egun darama jitoan. Gaur, azken saiakera batean, ontzia zutitzen lortuz gero, gertuko portu batera eramango dute.

'Modern Express' ontzia. Argazkia: EiTB
'Modern Express' ontzia. Argazkia: EiTB
Noraezean jada bost egun daramatza 'Modern Express' zamaontziak

0:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Modern Express' zamaontzi panamarrak bost egun darama jitoan eta Iparraldeko kostalderako noranzkoan Bizkaiko Golko parean. Iparraldeko agintariek diotenez, "ziur asko iparraldeko kostaldeko babes-portu batera" eramango dute ontzia, gaur azken saiakera batean hura zutitzen lortzen badute.

"Operazioan hildakorik ez egotea da gure lehentasuna", esan du Emmanuel de Oliveira Atlantikoko Itsas-Prefeturako arduradunak, "bihar atoian eramateko operazioa posiblea ez bada, astelehen eta astearte artean Landeetako kostalde parean hondoratuko da".

Dena dela, agintariak ez dira "marea beltz baten" beldur, ontziak 3.600 tona egur, obra publikorako 10 bat makina eta 300 tona erregai daramatzalako. Agintarien aburuz, 'Modern Express' ontziaren kroskoak eta erregai-tangak ez dute kalterik, eta Prestige ontziak zeraman petrolioaren % 5a dauka 'Modern Express'ek.

Tripulazioa duela bost egun ebakuatu zuten

Gaurko eguraldi-baldintza hobeak espero dira. Hala ere, ontziaren kontrola lortzen ez badute, hura hondora joaten lagunduko dute. "Une hori iritsi baino lehen, denetarik egiten saiatuko gara", esan du prefeturak.

Ontzia Frantziako mendebaldetik 100 kilometrora dago, bi korapilo inguruko abiaduran. Litekeena da bere zama mugitu eta ontzia okertu izana.

Bestalde, tripulazioaren 22 kide duela bost egun ebakuatu zituzten, helikopteroz.

'Modern Express' ontzia Gabonetik irten zen, eta Hagako portura zihoan. Ontziak duen 50 graduko makurdurak eta azken egunotan izandako baldintza meteorologiko txarrek operazioa zaildu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea albisteak EAE albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Euskadiko kostaldea albisteak Merkantzia-garraioa Itsas istripuak gaur