Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon batek emaztea jo eta labanaz mehatxu egin dio Gasteizen

Erasoa adingabeko seme-alaben artean egin zuen, eta horiek emakumearen bertsioa baieztatu zuten Udaltzaingoaren aurrean.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 36 urteko gizonezko bat atxilotu du emaztea jotzea eta labana batez mehatxu egitea leporatuta. Erasoa seme-alaba adingabeen aurrean egin zuen gizonezkoak.

Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 20:30 aldera izan zen erasoa, atzo. Biktimak berak deitu zien udaltzainei etxera bertara zitezen, Zaramaga auzoan, senarrak jo zuelako.

Hainbat udaltzain joan ziren berehala, eta emakumea etxe ondoko beste lokal batean aurkitu zuten, aurpegian kolpeen zantzuekin.

Emakumeak azaldu zien senarrak jo egin zuela eztabaida batean, eta une batean labana atera eta mehatxu egin ziola, bi seme-alaba adingabeen aurrean.

Salaketa horren aurrean, agenteak biktimarekin joan ziren horren etxebizitzara eta bikotekidearekin eta seme-alabekin hitz egin zuten. Haurrek amaren bertsioa baieztatu zuten, eta gizona atxilotuta eraman zuten indarkeria matxista delitua leporatuta.

Adingabeak biktimaren lagun batekin geratu ziren, eta udaltzainek emakumea ospitalera eraman zuten.

Atxilotua, berriz, gaur utziko dute epailearen esku.

 

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gasteiz albisteak Albisteak