Gizartea -

Ikerketa

Erraustegiek minbizi kasuak eta heriotzak ugaritzen dituzte

Mediku talde batek ohartarazi du erraustegi plantek osasun-arazoak eragiten dituztela, eta, beraz, hondakinak kudeatzeko beste alternatiba batzuk bilatzeko eskatu du.

Erraustegia eraikiko dute Zubietan. Argazkia: EiTB
Erraustegia eraikiko dute Zubietan. Argazkia: EiTB
Erraustegia eraikiko dute Zubietan. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erraustegiek osasunean eragiten dituzten arazo eta gaixotasunez ohartarazi du 25 medikuz eta osasun alorreko langilez osatutako Osasuna eta Errausketari buruzko Ikerketa Taldeak. Horrenbestez, Zubietako erraustegia ez eraikitzeko eta zaborrak tratatzeko alternatibak bilatzeko eskatu dute.

Jose Luis Paulin, Maialen Berridi, Jose Cruz Villandiego, Maria Barandiaran eta Xabier Mitxelena prentsaurrekoan agertu dira Donostian, ikerketa zientifiko batzuek errausketari buruz diotena azaltzeko.

2002an adierazpen bat sinatu zuten, beste 500 bat profesionalekin batera, hondakinak erretzeak dakartzan arriskuez ohartarazteko. “Orain, 2016an, ikerketa asko eta asko daude erraustegiek, azken generaziokoak barne, osasunean eragin zuzena dutela ohartaraziz”, esan dute.

“Zaborrak erretzeak eragiten dituen osasun-arazoak errealitate bat dira, eta, ondorioz, 2002ko adierazpenak indarrean jarraitzen du, azken urteotan izan diren ikerketen emaitzek berretsita”, erantsi dute.

Madrilgo Carlos III.a Osasun Institutuak egindako txostenaren arabera, erraustegien inguruan, bost kilometroko erradioan, minbiziak eragindako heriotza-kasuak ugaritu egiten dira. Pleurako minbizi kasuak, adibidez, % 84 areagotzen dira; besikulako minbizi kasuak, % 24; eta leuzemia kasuak, % 21.

Horrez gain, bestelako osasun-arazoak ere eragiten ditu, hala nola arnas aparatuari lotutakoak.

Bestalde, aditu talde honek gogora ekarri du Parisen egindako Klimarazi buruzko Goi-bileran atmosferara isuritako emisio kutsakorrak murriztea adostu zuela eta Europar Batasunak 2020tik aurrera erraustegi kopurua murrizteko asmoa duela.

Horrenbestez, hau guztia kontuan hartzeko eta eskura dituzten bitartekoak erabiltzeko eskatu diete Gipuzkoako agintariei, erraustegiaren proiektua ekiditeko eta alternatibak bilatzeko.

“Egun, errausketaren alde dagoena gizakiaren osasunaren aurka dago”, azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako informazioa Gipuzkoa Minbizia argazkiak Gaurko azken ordukoa Euskal Herriko kutsadura