Gizartea -

ELKARRIZKETA, ETB 1EN

Candido Ibar: 'Nahikoa negar egin dugu. Aurrera begiratu behar dugu'

Azken urteotako 'sufrimenduak' emandako irakaspenetik, itxaropentsu mintzatu da Candido Ibar Egun On Euskadi ETB 1eko saioan. Epaiketa berri batean, 'semea errugabea' dela frogatuko dutelakoan dago.

Candido Ibar eta haren semea, Pablo. Artxiboko irudia: www.pabloibar.com
Candido Ibar eta haren semea, Pablo. Artxiboko irudia: www.pabloibar.com
Candido Ibar eta haren semea, Pablo. Artxiboko irudia: www.pabloibar.com

IDOIA ALBERDI | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berria "sinetsi eta barneratu ezinda" dago, oraindik, Candido Ibar zestoarra. Pablo Ibar semearen aurka ezarritako heriotza-zigorra baliogabetu zuen atzo Floridako Auzitegi Gorenak, eta "itxaropenerako atea" zabaldu zaio familiari. Pabloren emazteak albistea emateko deitu zioneko unea ekarri du gogora Candidok, Egun On Euskadi ETB1eko saioan egindako elkarrizketan: "Negarrez deitu zidan Taniak. Albiste txarren bat badiagu, orain ere, pentsatu nuen, baino ez. Gidatzen nindoan, eta gelditu egin behar izan nuen. Emozio handia sentitu nuen. Tente egon ezinda geratu nintzen". Oraindik ez dute Pablorekin hitz egiteko aukerarik izan. Abokatuak 18:00etarako (Floridan, 13:00a)  lortu du telefonoz deitzeko baimena. Ondo bidean, ordu horretan jakinarazi dio "bizitza aldatuko dion albistea",  Candidoren hitzetan. Epaiketa berri batean "semea errugabea" dela frogatuko dutelakoan dago. "Asko ikasi dugu azken urteotan. Prestatuta gaude. Abokatu onak ditugu eta kasua gure alde aterako den itxaropena dugu", esan du. Fiskalaren errekurtsoa ez du baztertzen, baina itxaropentsu agertu da: "Pablok hilketan ez zuela parte hartu demostratuko dugu". Atzera begiratzeari utzi eta begirada datorren epaiketan jarri nahi du. "Nahikoa negar egin dugu eta nahiko egun igaro ditugu lorik egin gabe. Orain, aurrera begiratu behar dugu. Aukera honen zain egon gara, eta horri eutsi behar diogu", gaineratu du.

Pablo Ibarrek 22 urte daramatza kartzelan, horietako 15, heriotzaren korridorean. Auzitegiak emandako ebazpenak beste epaiketa bat egitea ekarriko du. 1994an hiru pertsona hiltzeagatik zigortu zuten. Ibarrek beti esan du errugabea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Pablo Ibar argazkiak Epaiketak albisteak Gizartea Albisteak