Gizartea -

Denboralea Bizkaian

Bermeoko kai-muturraren zati bat eraman dute olatuek

Itsaso zakarrak kalteak egin ditu Ondarroan, Getxon eta Lekeition. Horrez gain, itsasgorak Muskizko Pobeña auzoan uholdeak eragin ditu.

Kai-muturraren zati bat faltan du gaur Bermeok. Argazkia: Marian Juarros
Olatuek kalteak eragin dituzte Lekeition

EITB.eUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olatuen danbateko indartsuek egindako kalteak zenbatzen ari dira gaur Bizkaiko kostaldean. Denboralea izan da bart itsasoan, eta olatu handiak espero zirela eta, alarma gorria ezarri zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 03:00etatik 07:00etara. Gaur alerta laranja dago indarrean, itsasaldeko arriskuagatik.

Bizkaian, Bermeon, Ondarroan, Getxon, Lekeition eta Muskizen izan dira kalteak.

Duela bi urteko denboraleak txikitutako Bermeoko kai-muturraren 50 bat metro eraman dute oraingoan olatuek. Ura alde zaharrera ere sartu da, eta lokal batzuk hartu ditu. Inguru horretan aparkatuta zeuden autoetan eta portuko zoruan ere egin ditu kalteak.

Horrez gain, portuan zeuden zenbait ontzi txiki ere kaltetu dira denboralearen ondorioz.

Ondarroan, oraindik ez dituzte kalte guztiak zenbatu. Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak aurreratu duenez, ura Alde Zaharrean sartu da, eta aurretik eraman ditu inguruan zeuden arbolak, ibilgailuak eta hiri-altzariak.

Lekeition, Talan dagoen Isuntza elkartea txikituta geratu da, olatuen ondorioz.

Muskizen, berriz, itsasgorak egin ditu kalteak; izan ere, Pobeña auzoko etxe eta lokal batzuk urpean geratu dira, urak gainezka eginda.

Muskiz Pebeña inundaciones uholdeak pleamar itsasgora. Foto: @MuskizMA

Pobeña auzoko uholdeak. Argazkia: Muskizko Ingurumen Saila

Getxo

Olatuek Ereagako hondartzaren barandako zati batzuk txikitu dituzte, Igeretxe hotelaren eta Turismo bulegoaren tartean, hain zuzen. Gainera, Portu Zaharreko estoldaren tapa batzuk lekutik atera dira, bertan sartu den ur kopuru handiaren ondorioz.

Portu Zaharra itxita izan da ibilgailuentzat bi orduz. Ereagako hondartzaren pasealekua, berriz, itxita dute oinezkoek Igeretxe hotelaren eta Turismo bulegoaren tartean. Ingurua garbitu bitartean itxita egongo dela zehaztu du Getxoko Udalak. Turismo bulegoa ere itxita dago, ura sartu baita.

Getxoko Udaltzaingoa ari da eremu guztia zaintzen. Arratsaldean, itsasgora denean (17:10), hondartzako pasealekua itxiko dute. Oinezkoak ezingo dira ibili Pedro Bilbaoren eskulturatik Portu Zaharrera doan tartean. Ibilgailuek, berriz, itxita izango dute Ereagako igogailutik Portu Zaharrera doan tartea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Getxo bideoak Zer gertatu da Bizkaian? Denboraleak argazkiak Muskiz albisteak Eguraldia argazkiak Gizartea bideoak Lekeitio argazkiak Ondarroa Albisteak