Gizartea -

DENBORALEA

Denboraleak kalteak eragin ditu Donostian, Hondarribian eta Zarautzen

'Larrialdizko dedretua' onartu du Donostiako Udalak, 'denboraleak utzitako kalteei ahalik eta azkarren aurre egiteko'.

Kalteak, Donostiako hainbat lokaletan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzotik euskal kostaldea astintzen ari den olatu eta haize denboraleak kalte nabarmenak utzi ditu Gipuzkoako hainbat herritan. Donostian, esaterako, Pasealeku Berria, Perla eta Ondarreta inguruetan utzi ditu kalte agerikoenak. Mundaiz eta Maria Cristina zubietan ere kalteak egin ditu denboraleak, eta Alde Zaharreko hainbat kale itsasoko urak hartu ditu. 9,2 metrorainoko olatuak izan dira.

Martin Ibabe Donostiako Hiritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotziak esan duenez, gaua "zaila" izan da, "baina hartutako segurtasun neurriek funtzionatu egin dute".

Eneko Goia hiriko alkateak 11:00etarako deitu du agerraldia, Udaleko Bozeramaileen Batzordea bildu ondoren; egoeraren berri eman du. "Larrialdizko dedretua" onartu du Udalak, "denboraleak utzitako kalteei ahalik eta azkarren aurre egiteko". Udal-langileen lana txalotu du Goiak, eta herritarrei gogorarazi, oraindik, alerta laranja indarrean dagoela, eta, beraz, zuhur jokatzeko deia egin du.

Jarraipenerako Mahai Teknikoak 06:00etan egin du bilera, kalteen balorazioa egiteko, eta, lehen informazioen arabera, "kalte pertsonalik ez" da izan, baina "gune kritikoenetan kalteak nabarmenak izan dira". Alde Zaharreko Abuztuaren 31ko kalean eta Zuloaga plazan ura sartu da, baina hasierako balorazio batean, eta azterketa sakonagoa egiteko zain, Udalak adierazi du ez dela kalte larririk egon denda eta etxebizitzetan.

donostia san sebastian olatuak olas 9 febrero otsaila 2016 EFE

EFE

Pasealeku Berrian, Ondarreta pasealekuan eta Eduardo Chillida pasealekuan olatuek hiri-altzariak apurtu dituzte, eta kabina kolektiboetan eta Tenis Klubeko instalazioetan kalteak egin dituzte.

Era berean, Kontxa pasealekuan ura Rotondako instalazioetan sartu da, eta kalte handiak sortu ditu. Arrapalan, barandaren zati bat ere eraman du. Halaber, La Perlan, segurtasun neurriak hartu arren, kalte handiak egin ditu, bai kirol instalazioetan bai bertan dauden taberna eta jatetxean.

donostia san sebastian olatuak olas 9 febrero otsaila 2016 EFE

EFE

Zubiei dagokienez, Mundaiz, Maria Cristina eta Jose Antonio Agirre zubiak izan dira kaltetuenak. Zurriolako zubia itxita egon da 03:00etatik 08:00ak arte, eta, ondoren, ireki egin dute, autobusentzako bidea izan ezik.

Itsasgorarekin, ibaiak ere gora egin du, eta gainezka egin du Urkiko biribilgunean, Txomin Eneko haur parkean eta kartzelaren atzealdean. Bertan, garbiketa zerbitzua lanean aritu da. Arratsalderako, alerta laranjak indarrean jarraituko du, eta olatuek, itsasgorarekin batera, berriro gogor jotzea aurreikusi da. Hori dela eta,  "segurtasun neurriak errespetatzeko, arrisku guneak ekiditeko eta zentzudun aritzeko" eskatu die herritarrei. Zarautz eta Zumaia arteko bidea, itxita

Zarautz eta Zumaia lotzen dituen N-634 errepidea itxita dago, 03:30etik, olatu-denboralea dela eta.

Halaber, ura gogotik sartu da Zarauzko malekoiko hainbat lokaletan, babes neurriak apurtuz, eta dezenteko kalteak eragin ditu.

Olatuen kalteak Zarautz

Bospasei negozio oso hondatuak gertatu dira, goizaldeko itsasgorarekin etorri den enbataren indarraz. Bezperan, abisua jasoa zuten udaletik, baina, antza, hartutako neurriak ez dira nahikoak izan.Dena den, gehientsuenek ondo babestuak zituzten euren lokalak.

Aseguru etxeekin hitz egin ondoren, kaltetutako lokaletan, berriro babesa jartzen eta indartzen jardun dute goiza; izan ere, arratsaldeko itsasgorarekin beste eraso bat egon daiteke. Udalak ere neurriak hartuko ditu.

Hondarribia

Olatuek eta haize ufadek Hondarribiko Butroi pasealekuan ere kalteak utzi dituzte. Harresiaren zati batzuk erori egin dira.

Hondarribiko Udaletik jakitera eman dutenez, kai-muturrean ere kalteak izan dira. Babes neurriak hartuta ditu atzotik Udalak, eta horiek errespetatzeko deia egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako azken albisteak Denboraleak albisteak Zarautz Hondarribia argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Zumaia bideoak Albisteak