Gizartea -

Indarkeria matxista

'Gertatutakoa iraina izan da niretzat, emakume eta langile gisa'

Lantzen sexu erasoa jasan duen ETBko kameralariak ohartarazi du halako erasoak "onartezinak" direla.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Lantzeko (Nafarroa) inauterietan ETBrentzat lan egiten ari zen eta eraso sexista bat pairatu zuen kameralariak salatu du gertatutakoa "irain argia" izan dela berarentzat, "emakume eta profesional gisa".

Fase 3 konpainiako langileak ohar bat igorri die hedabideei, eta, horretan azaldu duenez, lan egiten ari zela "desfilearen parte ziren zenbait pertsonak" eraso egin zioten, baina ezin izan zituen identifikatu, mozorrotuta zeudelako.

"Horietako bat atzetik hurbildu zitzaidan, eta hainbatetan igurtzi egin zen nire gorputzaren aurka. Beste batek makil bat sartu zidan hanken artean. Eta hirugarrenak bultzatu egin ninduen, eta ondoren besoetatik heldu eta astindu egin ninduen", zehaztu du.

Kameralariak nabarmendu du "emakume eta 20 urteko ibilbidea egin duen profesional gisa" gaitzetsi egiten dituela tankera horretako erasoak. "Ezin dira onartu, festak edo inauteriak izan arren", ohartarazi du.

"Gertatutakoak genero kutsua du, gizonezko lankideei ez baitzitzaien antzekorik gertatu", erantsi du.

Halaber, ukatu egin du erasotzailea Ziripotena egin zuen pertsona dela, hainbat pertsonak horri egotzi bazioten arren.

Langileak eskertu egin du jasotako babesa, eta azaldu du ez duela ez Lantz, ez herri horretako inauteriak "kriminalizatu" nahi. "Gertakizun zehatz hau gaitzetsi nahi dut, errepika ez dadin", gaineratu du.

Udalak gaitzetsi egin du erasoa

Bestalde, Isabel Baleztenea Lantzeko alkateak gaitzetsi egin du eraso sexista, eta gaur goizean kameralariarekin hitz egin duela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Eguneko albisteak