Gizartea -

Euskalduna Jauregian

Badator tximuaren urtea Bilbora

Bilboko Txinatar Institutuak, euskal herritarrak txinatar kulturara gerturatzeko hamaika ekitaldi antolatu ditu larunbat honetarako Bilbon.

Tximuaren urteari ongietorria eman dio Txinak

Maider Beistegi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otsailaren 8an hasi dute 4713 urtea txinatarrek; Txinako horoskopoaren arabera, suzko tximuaren urtea. Tximua horoskopo txinatarraren hamabi animalietatik bederatzigarrena da eta aldaketa asko ekartzen dituen urtea da tximuarena. Bilboko Txinatar Institutuak, bada, euskal herritarrak txinatar kulturara gerturatzeko eta urteberri txinatarra ospatzeko hamaika ekitaldi antolatu ditu larunbat honetarako Bilbon.

Urteberri txinatarra ospatzeko ekitaldiak 12:00etatik aurrera abiatuko dira, Euskalduna Jauregian. Barruan zein kanpoaldean izango da festaz gozatzeko abagunea: lehoiaren dantza, herensugearen haur desfilea eta Txinako musika tradizionala entzuteko aukera egongo da.

Bertaratzen direnei kultura txinatarra hurbiltzeko asmoz, zenbait doako tailer ere eskainiko dituzte Jauregiaren barruko areto batean. Hain justu, duela bi mila urte baino gehiago erabiltzen den kaligrafia txinatarreko tailer batean parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen diren heldu zein umeek. Antolatzaileek azaldu dutenez, "trazu pintzeladak nola egin irakatsiko zaie eta kaligrafiaren funtsezko teknikak praktikatzeko aukera izango dute tinta txinatarra eta pintzelarekin".

Gaztetxoek, ostera, Kung Fua praktikatu, txinatar txotxongilo bat sortu eta txinatar itzalen tailer batean esku hartu ahalko dute. Tximinoak eta dragoiak ere ez dira faltako.

Tailerrak doakoak eta adin tarte guztiei bideratuta daude, baina parte-hartze kopurua mugatua da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Txina bideoak Euskalduna Jauregia bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak