Gizartea -

Gasteizen

Haurra eskolara eraman du Gasteizen, alkohol tasa 10 aldiz gaindituta

Alkoholemia frogan, botatako aire litroko 1,40-1,46 miligramo alkohol eman zuen 41 urteko gidari berriak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 41 urteko gidari hasiberri bat salatu du, baimendutako alkohol tasa hamar aldiz gaindituta alaba ikastetxera eramateagatik.

Arabako hiriburuko Udaltzaingoak gaur jakinarazi duenez, ostiral goizeko bederatzietan gertatu zen. Estenaga Apezpikuaren kalean dagoen hezkuntza zentro baten atarian zainketa lanak egiten ari zen udaltzain patruila batek auto bat, denbora luzez, bigarren ilaran zegoela antzeman zuen.

Udaltzainetako bat autora gerturatu zen gidariari kargu hartzera eta alkoholaren eraginpean zegoela ohartu zen. Hori dela eta, atestatuen patruila bati hots egin zioten gizonari alkoholemia proba egiteko.

Alkoholemia frogan, botatako aire litroko 1,40-1,46 miligramo alkohol tasa eman zuen 41 urteko gidari berriak, gidari hasiberrientzat baimendutako alkohol tasa baino hamar aldiz gehiago. Hori dela eta, Gasteizko Udaltzaingoak atestatua egin zuen Guardiako Epaitegiaren esku uzteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Gasteiz berriak Eguneko albisteak