Gizartea -

ISTRIPUA GIPUZKOAN

Kartzelatu egin dute N-I errepidean istripua eragin zuen gidaria

Atxilotua kontrako noranzkoan zihoan, eta alkohol-tasa zazpi aldiz gainditu zuen. Kamioiak lur orotako ibilgailu bat jo zuen, eta barruan zihoazen hiru pertsonak ospitalera eraman behar izan zituzten.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espetxeratu egin dute astelehenean, zirkulazio-istripu batean, hiru pertsona zauritu zituen gizonezkoa. Kamioi-gidaria mozkorturik gidatzen zihoan N-I errepidetik, Etzegarate mendatean, istripua eragin zuenean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Kamioilaria, 42 urtekoa, kontrako noranzkoan zihoan, eta garraiolariei ezarritako gehienezko alkohol-tasa baino zazpi aldiz handiagoa eman zuen istripua eragin ondoren egin zizkioten alkoholemia-probetan .

Ezbeharra 18:45ean jazo zen. Ordu horretan, kontrako noranzkoan (Donostiara bidean) zihoan kamioiak talka egin zuen lur orotako ibilgailu baten kontra. Barruan zihoazen hiru bidaiariak harrapatuta gelditu ziren eta suhiltzaileek atera behar izan zituzten.

Hiru pertsona zauritu ziren istripuan: 8 urteko ume bat, 36ko emakume bat eta 43ko gizonezko bat. Beasainen (Gipuzkoa) bizi dira, eta Donostia Ospitalera eraman zituzten. Errepidea itxita izan zuten 21:00ak arte, Gipuzkoako hiribururako noranzkoan.

Ertzaintzaren arabera, kamioia kontrako noranzkoan zihoan, eta kamioilariak alkoholaren eraginpean zegoen zantzuak zituen.

Alkoholemia-probak eginda, positibo eman zuen bietan, 1,13 eta 1,11 miligramo alkohol atzeman baitzizkioten botatako aire litro bakoitzeko. Hirugarren mailako ibilgailuak eramaten dituzten gidari profesionalek gehienez ere 0,15 miligramoko tasa eman dezakete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripu Hilgarriak Trafikoa Donostia argazkiak Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea albisteak Beasain albisteak Eguneko albisteak