Gizartea -

SAVE THE CHILDREN

EAEko ikasleen % 6,3k eskola-jazarpena pairatu du azken hilabeteotan

Save The Children erakundeak 12 eta 16 urte arteko ikasleei egindako inkesta baten ondorioetako bat da. Gazteen hamarretik hiruk onartu du inoiz gelakideren bat jazarri duela.

% 6 ak jasaten du Euskadin

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Espainiarreko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen % 9,3k  azken bi hilabeteotan eskola-jazarpena pairatu duela aitortu du (EAEn,  % 6,3k), eta % 6,9k adierazi du ziber-erasoaren biktima dela (EAEn, % 4,5ek). Bestalde, gazteen % 5,4k (EAEn, % 3,5ek) onartu du inoiz gelakideren bat jazarri duela eskolan bertan, eta % 3,3k (EAEn, % 2,1ek) sare-sozialen bidez.

Save the Children erakundeak gaur kaleratu duen inkesta baten emaitzak dira:  'Jolas horretan ni ez nabil. Bullyinga eta ziberbullinga haurtzaroan'  goiburupean argitaratu duten txostena egiteko, 12 eta 16 urte arteko 21.500 ikasle elkarrizketatu dituzte. Arazoaren inguruko eztabaida piztu, eta irtenbideak bilatzea da txostenaren helburua.

"Arazoari dagokion izena jarri behar zaio, indarkeria mota bat da. Ez da umeen arteko jolasa eta ez du justifikaziorik.  Gizarte modura ezin diegu jazarpen egoeran dauden haurrei hutsik egin. Duela gutxi ikusi dugun bezala, bere buruaz beste egiteraino eraman dezake ume bat jazarpen egoerak", esan du Andres Conde Save the Children erakundeak Espainian duen ordezkariak.

Jarrera erasokorrik duten galdetuta, ikasleen erdiak onartu du inoiz  ikaskideren bat iraindu duela edota hitz mingarriak esan dizkiola. Hamarretik hiruk, berriz, ikaskide bati fisikoki eraso izana aitortu du. Jazarleek ez dute arrazoi garbirik ematen horrela jokatzeko. Bromatzat jotzen dute, edo eta ez dakite zergatik egiten duten. Ehuneko hiruk aitortu du norbait estu hartu duela noizbait.

Egoera honi aurre egiteko Save the Children erakundeak estrategia oso bat eskatzen du: sinadura-bilketa bat martxan du sarean, erakundeei plan integrala eta lege organikoa gara dezatela eskatzeko.

Euskadiko Fiskaltzak iaz eskola-jazarpeneko 50 kasu ikertu zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa