Gizartea -

Hodei Egiluz

Hodei Egiluzen gurasoak, erantzunen eta gorpua noiz ekarriko zain

Pablo eta Koro Anberesen daude, eta bertan jarraituko dute, behin autopsiaren izapideak amaituta, euren semearen gorpua Euskadira ekartzeko asmoz.

Koro eta Pablo, Hodei Egiluzen gurasoak. Argazkia: EiTB
Koro eta Pablo, Hodei Egiluzen gurasoak. Argazkia: EiTB
Autopsiak jarriko ditu kasua argitzen lagunduko duten ebidentziak

0:57

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hodei Egiluzen berririk gabe 853 egun eman ostean, Galdakaoko gaztearen gurasoek euren hilotzaren aurkikuntzaren baieztapena jaso zuten atzo: joan den otsailaren 11an Anbereseko Escalda ibaian aurkitutako gorpua Hodeirena da. Hodei 2013ko urriaren 13tik zegoen desagertuta, lagunekin afaltzen egon ostean.

Anbereseko Udaletxean Hodeiren gurasoek eskainitako prentsaurrekoan, berriak eragindako "min handia" adierazi zuten. Dena dela, "orain erantzun argiak" nahi dituztela gaineratu zuten, hori dela eta, Belgikako agintariei "heriotza argitzeko" eskatu zieten.

Gazte galdakoztarraren aitak aitortu zuenez, "gogorra" da nola sentitzen diren azaltzea, ez baitzuten "Hodei etxean azaltzeko esperantza galdu", ez zutelako "sinesmen hori ukatu". Bestalde, eskerrak eman zizkieten bi urte luze hauetan lagundu dieten guztiei, horien laguntza gabe ezinezkoa izango litzatekeelakoan "hona iristea".

Ikerketak bere horretan darrai

Belgikan urtero desagertutako 2.000 ume eta gazte baino gehiago bilatzen dituen Child Focus erakundearen bozeramaileak esan duenez, "gorpua agertu den tokia oso pista garrantzitsua da", eta jazotakoaren gainean informazioa eskaini dezake, autopsiarekin batera.

Izan ere, hainbat lekukoren arabera, haren gorpua agertu zen tokitik kilometro eta erdira ikusi zuten bizirik azkeneko aldiz Hodei, hura desagertu zen gauean, hain zuzen ere.

Belgikako Poliziaren ikerketa zabalik dago. Hodeiri lapurreta egitea leporatuta atxilotutako hiru lagun aske daude egun, baina epaiketaren zain. Autopsiak ekarriko dituen datuak funtsezkoak izango dira auzia argitzeko, baina Fiskaltzak ohartarazi duenez, denbora beharko da frogen emaitzak izateko, hilotza luzaroan egon baita ur azpian.

'Itxaropena atzo hil egin zen'

Desagertutako pertsonen inguruko jardunaldiak egiten dituzte urtero Arrigorriagan, eta horren arduradun Marisol Ibarrolak EiTBri esklusiban azaldu dionez, "Hodei bizirik aurkitzeko itxaropena atzo hil egin zen". Gainera, Galdakaoko gaztearen gorpuari egingo dioten autopsiak "auzia gakoak eskainiko dituen" itxaropena azaldu du.

Bestalde, Hodeiren ehorzketaren harira, Ibarrolaren aburuz, "azken agur horretan familiaren aldamenean egongo gara, horri babesa eskaintzen, baina geroago intimitatean bizitzeko erabakia errespetatu beharko dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao berriak Bizkaia Belgika argazkiak Hodei Egiluz argazkiak Gaurko azken ordukoa Gurasoak albisteak