Gizartea -

Kirol lanbideen legea

Kirol munduko profesionalek prestakuntza dutela egiaztatu beharko dute

Gainera, lehen sorospenen inguruko ezagutza ere izan beharko dute, kiroleko lanbideei buruzko lege proiektuaren arabera.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn kirol arloan aritzen diren profesionalek (irakasleak, monitoreak, entrenatzaileak eta kirol zuzendariak) jardun horretarako prestakuntza dutela egiaztatu beharko dute, titulu akademikoak eta ziurtagiri profesionalak izanda. Gainera, lehen sorospenen inguruko oinarrizko ezagutza ere izan beharko dute.

Eusko Jaurlaritzak kirolarekin lotura duten lanbideen lege proiektua onartu du gaur, eta orain Eusko Legebiltzarrera igorriko du testua, bertan izapidetzeko.

Lege proiektuaren arabera, kirolarekin zerikusirik duen lanbide batean aritzeko ez da beharrezkoa izango goi hezkuntzako titulu akademiko bat izatea, baina lanposturako prestakuntza profesional egokia egiaztatu beharko da, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azaldu duenez.

Prestakuntza hori titulu akademikoen edo profesionaltasun ziurtagirien bitartez egiaztatu ahalko da.

Irakasleak

Irakasle lanpostua Hezkuntzaren Lege Organikoan araututa dago. EAEko lege berriak, baina, lehen sorospenei buruzko ezagutzak izatea aginduko die adingabeei Heziketa Fisikoa irakasten dieten irakasleei.

Monitoreak eta entrenatzaileak

Kirol monitoreak kirol ez lehiakorrean aritzen dira, eta osasunarekin, aisialdiarekin, integrazio sozialarekin eta abenturarekin lotura dute.

Lanbide horren baitan, hainbat kategoria ezberdindu dituzte, hala nola gimnasio monitorea, surf monitorea eta igeriketa monitorea. Kasu bakoitzean, eskakizun zehatz bat bete beharko da (Jarduera Fisikoen eta Kirolaren Zientziatan graduduna izatea, Jarduera Fisikoen eta Kirolaren Animazio goi teknikaria izatea edo profesionaltasun ziurtagiria edukitzea).

Bestalde, entrenatzaile mota ugari daudenez, kategoria bakoitzak formakuntza zehatza beharko du.

Kirol zuzendaria

Kargu horren jarduteko, sektorearen araberakoa izango da eskatutako prestakuntza.

Legaren aplikazioa

Uriartek azaldu duenez, legearen ezarpena "ez traumatikoa" izaten saiatuko dira, eta errespetatu egingo dituzte araudia indarrean sartzean kirol karguetan dauden pertsonen eskubideak, eskakizun berriak bete ez arren.

Horregatik, legea "modu mailakatuan" ezarriko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea