Gizartea -

NAFARROAKO GOBERNUA

Eremu ez-euskalduneko hiru ikastetxetan D eredua eskainiko dute

Tafallako, Lodosako eta Caparrosoko ikastetxe publikoetan hasiko dira D eredua eskaintzen. Eremu ez-euskaldunean D ereduan eskolaratzeko 77 eskari jaso ditu Nafarroako Gobernuak aurrematrikuletan.

Nafarroako eremu ez euskaldunean euskara ikasteko aukera izango da

1:02

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak D ereduko gelak jarriko ditu abian, datorren ikasturtean, eremu ez-euskalduneko hiru ikastetxe publikotan. Hain zuzen, Tafallako, Lodosako eta Caparrosoko zentroetan hasiko dira euskara hutseko ikasketa eredua eskaintzen. Eremu ez-euskaldunean D ereduan eskolaratzeko 77 eskari jaso ditu Foru Exekutiboak aurrematrikuletan.

Aipatutako herriotako eta inguruko beste hainbat udalerritako ikasleak izango dira ikasketak euskara hutsean egingo dituztenak. Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak eman du gaur informazioa. Bere hitzetan, dena dela, behin-behineko datuak dira. Ekainean matrikulazioak izapidetzen direnean izango dituzte datu zehatzak.

Aurrematrikulak aurkezteko epean, 2013an jaiotako haurren 5.866 eskari jaso dituzte: horietatik, 3.530ek zentro publikoetan eman dute izena, eta 2.336k itunpeko ikastetxeetan. Lehen aldiz, Nafarroa osoko haurrek izan dute D ereduan izena emateko aukera.

Sare publikoan izena eman dutenen artean, 2.262k A edo G eredua aukeratu dute, eta 1.268k D eredua. Itunpeko eskoletan, berriz, 1.874k A edo G ereduan eman dute izena, eta 462k D ereduan. Hala,  % 70,51k aukeratu dute A edo G eredua, eta % 29,49k D eredua.

Bestalde,  Ikastolek aurrematrikulazio datuei eutsi egin diete. Horrenbestez, euskararen aldeko apustua egin duen gurasoen kopuruak gora egin du Nafarroan.

Zangozan, Corellan, Tuteran eta Castejonen aurrematrikula D ereduan egin dutenei zein konponbide eman aztertzen ari da, orain, Hezkuntza Departamentua, toki horietan ez baitago gela osatzeko adina haur.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua