Gizartea -

Iragarpena

Larrialdi planari eutsi dio Jaurlaritzak, uholde arriskuagatik

Bizkaia eta Gipuzkoa alerta laranjan izango dira larunbat honetan, euri-jasak direla eta.

Azaroan Hernanin izandako uholdeak. EFE
Azaroan Hernanin izandako uholdeak. EFE
Azaroan Hernanin izandako uholdeak. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Uholdeen Larrialdi Plan Bereziaren alerta faseari eutsi dio gaur, larunbata, azken orduotan egindako elurra eta euria tarteko. Halaber, ondorengo orduetan ere euria edota elurra egitea espero da.

Gauzak horrela, Aholku Kontseilua aurreabisu egoeran dago eta soilik larrialdi egoera ezarriz gero deituko dute aipaturiko kontseilu horren bilera. Eusko Jaurlaritzak, Foru Diputazioek eta uholdeek eragindako herrietako udalek osatu ohi dute Aholku Kontseilua.

Aldi berean, larrialdi zerbitzuak eta babes zibileko kideak (Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzaingoa, boluntario taldeak, etab.) alerta egoeran daude uholde arriskua dela eta.

Bestalde, ibaien arroei adi daude, bereziki, URA agentzia, Euskalmet eta Foru Diputazioak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du gaurko euri-jasa iraunkorrengatik, Larrialdiei Aurregiteko eta  Meteorologiako Zuzendaritzak ohar batean jakinarazi duenez.

Alerta egun guztian egongo da indarrean, 24 orduan metro koadroko 80 litro pila daitezkeela eta. Ekaitza eta txingorra egon litezke, batez ere egunaren lehen partean. Araban metro koadroko 40 litro pilatzea aurreikusi du Euskalmetek.

Alerta laranja horrez gain, beste hiru abisu hori egongo dira: haizeagatik, elurrarengatik eta olatuengatik.

Elur-kota 600-800 metro inguruan egongo da. Gora egingo du arratsaldean, eta 700-1.000 metro inguruan egongo da azken orduetan. Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, gogotik egin dezake. Trumoi-ekaitzak eta txingorra ere espero dira.

Haizeagatik ezarritako abisuari dagokionez, 100 km/h-ko boladak espero dira haizeguneetan eta 60-70 km/h-koak gainerako lekuetan.

Itsasoari dagokionez, 5 metroko olatuak espero dira, baina egunaren amaieran 3,5 metrokoak izatea aurreikusi dute.

Astebururako iragarpena

Negu gorriko eguraldiarekin joango zaigu otsaila. Denetik espero du astebururako Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak: euria, hotza, ipar-mendebaldeko haize gogorra eta elurra maila baxuan.

Larunbatean, ez da giro izango. Gogotik egingo du euria, ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, eta hotz egingo du. Euskalmeten arabera, baliteke aterrune bat ere ez egotea. Halaber, trumoi-ekaitzak izan daitezke eta kazkabarra bota dezake. Tenperatura altuenak 5-10 ºC artean geratuko dira, eta elur-maila 600-800 metro inguruan egongo da. Haize-bolada gogorrak izango dira, eta horrek areagotu egingo du hotz sentsazioa. Itsaso zakarra egongo da, eta 5-6 metroko olatuak.

Igandean, zertxobait arinagoa izango da egoera, baina, hala ere, giro hotz eta goibelarekin jarraituko dugu. Tenperaturak ez du gorabehera handirik izango, eta elur-maila 700-900 metro inguruan egongo da. Zeruak estalita jarraituko du, baina prezipitazio gutxiago espero dira eta zaparradak larunbatean baino txikiagoak izango dira. Gainera, iparraldeko haizea nagusituko da, eta apur bat baretuko da barnealdean, baina kostaldean tarteka gogor joko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba EAE albisteak Eguraldia argazkiak Elurra Gaurko azken ordukoa