Gizartea -

Denboralea

Euria arindu da, baina alertak darrai Zadorrako arroan

AP-15 errepidea noranzko bietan dago zabalik, eguneko zati handi batean itxita egon ostean, goi-tentsioko dorre bat erortzeko zorian egon ostean.

Euskal Herriko ibai asko oso hazita doaz. Argazkia: EiTB
Euskal Herriko ibai asko oso hazita doaz. Argazkia: EiTB
Zadorra eta Baia ibaietan bakarrik dago aktibatuta zaintza-plana

1:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euriaren intentsitateak behera egin du azken orduetan Euskadin, baina erreken maila handia da oraindik ere, batez ere Zadorrako arroan. Gune horretan, urak gainezka egin du hainbat lekutan eta indarrean darrai uholdeengatiko plan bereziak, alerta egoeran.

Zadorra igarotzen den udalerrietako, besteak beste Durana, Trespuentes, Yurre, Villodas eta Iruña Veleiako hamar bat tokiko errepide eta auzo-bide etenda daude errekaren ur-emari handiarengatik.

Euriak, azken orduetan izandako elurrak eta Ullibarri urtegiaren hustuketak justifikatu dute Segurtasun Departamentuak uholdeengatiko plan berezia indarrean mantentzea gune horretan, nahiz eta gainerako arroetan indargabetu egin duen.

Urtegia 30 metro kubiko segundoko ari husten, hurrengo orduetarako aurreikusten diren neurrizko elur eta eurien aurrean.

Zadorra, uholdeak, inundaciones, Villodas, Billoda, argazkia: Sos Deiak

Zadorra ibaia Billoda parean. Argazkia: Sos Deiak

Cadagua ibaia bere bidetik atera da larunbat gauean Sodupe parean eta hazita dator Balmasedan edota Arangurenen. 11:00ak aldera maila horia harrapatu du Cadagua ibaiak Sodupe parean.

Sarria parean, Baia ibaiak maila horia harrapatu du 11:00ak aldera.

Nafarroako egoera

Nafarroako AP-15 autobideko errail bat, goi tentsioko linea bat errepidera erortzeko zegoen arriskuagatik goizaldetik itxita egon dena, ireki dute Iruñeko noranzkoan; gauzak horrela, gainerako bi erreiak itxita jarraitzen dute 111,6 kilometrotik 110,6 kilometrora bitartean.

Iparraldeko noranzkoko errei guztien kasuan, arratsaldeko 15:00etan ireki dituzte.

Azken orduetan izandako euriak eta haize-bolada indartsuek goi tentsioko dorrearen oinarria desegonkortu egin du, Foru Gobernuak esan duenez.

Gertakari horren eraginez, argindarrik egon dira Lekunberrin, Larraunen eta Arakilen, eta generadoreak ezarri behar izan dituzte behar larrienei erantzuteko.

Nafarroan, oro har, ibaien ur-emariak behera egin du, Argarenak izan ezik; zehazki, Arga ibaia hazita doa Funes parean. Datozen orduetan Ebroren mailak gora egitea aurreikusten da, baina Nafarroako Foru Gobernuak ez du uholde nabarmenik aurreikusten.

Denboralearen eraginez, bigarren mailako hainbat errepide itxita daude ur putzuak edota elurra tarteko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Gauzak horrela, ur putzuak tarteko, itxita dago A-3302 Mendoza eta Billoda artean.

Halaber, itxita daude Berako zeharbidea (NA-8304) eta Beratik N-121-A (Iruña-Behobia) errepiderako sarbidea, bidean irekitako zulo bat tarteko.

Nafarroako Foru Gobernuak azaldu duenez, oraingoz ez dakite zerk eragin duen zuloa. Hala ere, litekeena da errepidearen azpian dagoen ur korronte batek eragin izana zuloa. Halaber, azken orduotan Beran pilatutako euriak (100 litro metro koadroko) ere izan dezake zeresana.

Zulo horren eraginez, Zalain auzoko baserri bat hustu behar izan dute eta bertan bizi diren bi familiek kanpoan igaro dute gaua.

BERA ZULOA BASERRIA EITB

Beran hustu duten baserria. Argazkia: EiTB

Elurra eta izotza eragozpenak eragiten ari da, batez ere, mendateetan. Hala, ibilgailu guztientzat itxita dago Aralarko San Migelera doan NA-7510 errepidea, Nafarroan. Dena den, errepide sare nagusia zabalik dago.

Eguraldiaren iragarpena

Gaur, igandea, zertxobait arinagoa izango da egoera, baina, hala ere, giro hotz eta goibelarekin jarraituko dugu. Tenperaturak ez du gorabehera handirik izango, eta elur-maila 700-900 metro inguruan egongo da. Zeruak estalita jarraituko du, baina prezipitazio gutxiago espero dira eta zaparradak larunbatean baino txikiagoak izango dira. Gainera, iparraldeko haizea nagusituko da, eta apur bat baretuko da barnealdean, baina kostaldean tarteka gogor joko du.

Eusko Jaurlaritzako euriagatik gaurko ezarria zuen abisu horia amaitu da. Dena den, elurrari dagokion abisu horia indarrean egongo da barrualdean igande arratsaldeko seietatik astelehen arratsaldeko seiak arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa Nafarroa Araba EAE Eguraldia Bilbao Gizartea bideoak Eguneko albisteak