Gizartea -

Emakumeen Nazioarteko Eguna

Adingabeek jasotzen dituzten mezu sexistez ohartarazi du Emakundek

Emakundek gogoratu du ezberdintasuna ez dela berez sortzen, “egin” egiten dela, eta, ildo horretan, gazteek egunero jasotzen dituzten mezu sexistez jabetzeko deia egin du.

Emakunderen kanpainako karteletako bat. Argazkia: Emakunde
Emakunderen kanpainako karteletako bat. Argazkia: Emakunde
Emakunderen kanpainako karteletako bat. Argazkia: Emakunde

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neska-mutilek egunero jasotzen dituzten mezu sexistek ezberdintasuna areagotzen dutela eta gizonen eta emakumeen arteko botere-harremana betikotzen duela ohartarazteko baliatuko du Emakundek martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gaur aurkeztu duen kanpaina astearte honetatik martxoaren 15eran izango da abian, 'Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu. Aldatu dezagun. Egin dezagun berdintasuna' lelopean.

Iragarkietan eta karteletan, neskek edertasunarekin, ontasunarekin, diskrezioarekin, zaintzarekin eta otzantasunari buruzko mezuak jasotzen dituzte. Mutilek, berriz, agresibitateari, arrakastari, anbizioari eta sentimenduak ukatzeko beharrari lotutako mezuak bidaltzen zaizkie.

Neskak, nagusiki, ederragatik balioesten dira, eta besteekin atsegina izateko hezten dira ("Bai polita nire neska!"); mutilek, aldiz, ahalduntze-mezuak jasotzen dituzte ("Nire txapelduna!"). Neskak babesa behar duten ustean hezten dira; mutilak, buruaskiak direnekoan. Neskei esaten zaie ezer baino lehen daudela maitasuna eta zaintza; mutilei, sentimenduak ukatu behar dituztela ("Mutilek ez dute negar egiten" edo "Ez egin negar nesken antzera") eta esparru publikoan arrakasta lortu behar dutela.

Landaidak gazteek egunero jasotzen dituzten mezu horien garrantziaz ohartarazi du. “Jasotzen duten tratuaren araberako nortasuna eraikitzen dute; familian, ikastetxean, lagunartean, komunikabideen eta publizitatearen bidez jasotzen dituzten mezuetatik ikasten dute”.

Hortaz, gogoetarako deia egin du eta ezberdintasuna ez dela berez sortzen, “egin” egiten dela azpimarratu du. “Ezberdintasuna ez da berezkoa, egin egiten da eta, ondorioz, gizarteak ikasi behar du berdintasuna ere egin daitekeela”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Emakunde