Gizartea -

BILBOKO INGENIARITZA ESKOLA

FS Bizkaia, Silverstoneko eta Montmeloko probetarako aurrehautatua

55 ingeniaritza ikasle daude taldean, eta horietako 11 emakumeak dira. Lehen proba uztailaren 14tik 17ra egingo da, eta bigarrena, abuztuaren 24tik 28ra.

FS Bizkaia taldeak 2015ean erabilitako automobil bat. Argazkia: Bilboko Ingeniaritza Eskola
FS Bizkaia taldeak 2015ean erabilitako automobil bat. Argazkia: Bilboko Ingeniaritza Eskola
FS Bizkaia taldeak 2015ean erabilitako automobil bat. Argazkia: Bilboko Ingeniaritza Eskola

AGENCIAS | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Ingeniaritza Eskolako FS Bizkaia (Formula Student Bizkaia) taldea ingeniaritzako ikasleentzat nazioartean dauden bi proba nagusietarako lehiakide gisa onartu dute, aurretiko aukeraketan. Lehiaketak Silverstonen (Erresuma Batua) eta Montmelon (Katalunia) egingo dira, hedabideetara bidali duen ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

FS Bizkaiak zortzi urtez jarraian hartu du parte lehiaketa horretan, emaitza onak lortuta gainera, eta ohiko lehiakide bihurtu da proba horietan.

Horrelako lehen proba Ingalaterran sortu zen, 1998an, eta zazpi taldek hartu zuten parte, baina lortu duen ospea dela eta, gero eta unibertsitate gehiagok parte hartu nahi izan dute bertan. 2016ko ediziorako, 200 eskari baino gehiago jaso dituzte 34 herrialdetatik, eta 156 hautatu dituzte oraingoz lehen aukeraketan.

Horrela, euskal taldeak bere partaidetza bermatuta du jada, Formula Student UK eta Formula Student Spain izeneko probetan. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ordezkatzen duen FS Bizkaia taldea orain hamar urte sortu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekaniko Sailean. 2008an egin zuen Silverstonen parte hartzeko lehenengo prototipoa.

2016ko taldea eta lehiaketak

Aurtengo edizioari begira, Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldean 55 ikasle egongo dira, emakumezko 11 ikasle tartean. Proiektuak Ingeniaritza Eskolako zenbait irakasleren laguntza du, eta lan-mundura gerturatzen ditu ikasleak. Gainera, “Formula Studentek erakutsi du ezinbesteko erreminta dela ikasleen formaziorako eta lan integraziorako”, ohar bidez azpimarratu dutenez.

Silverstoneko proba uztailaren 14tik 17ra egingo da aurten, eta, aurreikuspenen arabera, mundu osoko 2.000 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte bertan. Lehiaketak bi modalitate ditu: 1. maila (benetako ibilgailuak) eta 2. maila (diseinu birtualak). 1. mailan bakarrik, 30 talde baino gehiago daude ordezkoen zerrendan, eta horien artean dago Formula Student Bizkaia. Montmeloko probari dagokionez, zazpigarren edizioa izango du abuztuaren 24tik 28ra, eta 70 talde inguru lehiatuko dira.

Orain arte, FS Bizkaia taldeak bederatzi ibilgailu egin ditu, barne-errekuntzako motorra duten bost eta lau auto elektriko (motor elektrikoak dituzten automobilak bakarrik egiten ditu 2013tik). Guztira, zortzi urtez jarraian hartu dute parte proba horietan; zortzi aldiz, Silverstonen, eta bost aldiz, Montmelon. 2012an hirugarren postua lortu zuen Cost proban, eta 2013an lehenengo tokia lortu zuen Silverstonen, Business mailan. 2014an eta 2015ean, ibilgailu elektrikoa duen talderik hoberena izan da Estatuko unibertsitateen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da Bilbon? Azken ordukoa Bizkaia EHU Gizartea