Gizartea -

Iragarpena

Negu gorriko asteburu baten atarian

Gaur arratsaldean hasiko da euria, eta hurrengo astera arte izango dugu gurean. Elur-maila 500 metrora jaitsiko da.

Ostiralean hasiko da euria, eta aste hasierara arte zaparradek ez dute etenik izango. EFE
Ostiralean hasiko da euria, eta aste hasierara arte zaparradek ez dute etenik izango. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den asteburuan beste botako ez badu ere, euripean emango dugu martxoko lehen asteburua ere. Horrez gain, haize zakarra eta elurra ere izango ditugu lagun, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera.

Ostiralean, euriak tregoa txikia eman digu goizean. Eguerditik aurrera, baina, mendebaldeko haizea zakartu egingo da, eta euritara joko du aroak. Euria denera zabalduko da, baina isurialde atlantikoan egingo du batez ere. Elur-mailak behera egingo du, eta 800 metro inguruan kokatuko da gauerako. Tenperaturari dagokionez, arratsalderako freskatu egingo du.

Larunbata ere, negu beteko giroarekin etorriko da. Haize zakarra, zaparradak eta elurra gero eta maila baxuagoan egingo du. Lurraldearen iparraldean botako du gehien, eta ekaitzak ere espero dira. Elur-maila 700-800 metro inguruan kokatuko da, eta baliteke egunaren amaieran gehiago jaistea. Ipar-mendabaldeko haize-bolada gogorrak aurreikusi ditu Euskalmetek, batez ere kostaldean. Horrez gain, nabarmen hoztuko du, eta eguneko altuenak ez dira 10 ºC-ra iritsiko. Baliteke izotza egitea Araba eta Nafarroako hainbat puntutan.

Iganderako, berriz, ez da aldaketarik espero. Gogotik egingo du euria isurialde atlantikoan, ekaitzak eta txingorra barne. Elur-kota 500-600 metroan kokatuko da, iluntzerako apur bat igoko bada ere (700-900 metro). Haizeak ipar-mendebaldetik jotzen jarraituko du, eta tenperaturak jaitsaraziko ditu.

Abisu horiak

Egoera kontuan hartuta, muturreko fenomeno meteorologikoak direla eta, bi abisu ezarri ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak; elurragatik, bata, eta olatuengatik, bestea.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta  Meteorologiako Zuzendaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, elurrarengatik ezarritako abisua ostiral arratsaldetik igande gauerdira arte egongo da indarrean. Gainera, beste abisu hori bat ezarri du itsasaldeko arriskuagatik, nabigazioari lotutakoa, lehen bi milietan, lauzpabost metroko olatuak espero baitira. Abisu hori ostiral arratsaldetik igande goizera (06:00) egongo da indarrean.

Olatuak olas Donostia San Sebastián Paseo Nuevo Paseo berria. EFE

Donostiako Pasealeku Berria, ostegun honetan. EFE

Hain justu, olatu handi horiengatik, Donostiako Pasealeku Berria itxita izango dute ibilgailuek.

 

Elurrari dagokionez, ostiral arratsaldean, 18:00etatik aurrera, elur-maila jaisten joango da (1.000 metroetatik 800era). Larunbatean eta igandean ere egongo da abisua indarrean, 500-600 metroan egin baitezake. 600 metroan, baliteke 5 zentimetroko geruza sortzea, iragarpenaren arabera.

Eskola jarduerak bertan behera

Bizkaiko Foru Aldundiak uretan eta mendian egiten diren hainbat eskola jarduera bertan behera utzi ditu larunbat honetan, iragarritako eguraldi txarra dela eta.

Arrantza, piraguismoa, surfa, triatloia, bela eta hondartzako boleibola dira bertan behera utzitako jarduerak.

Gainerako kirol jardueratan arretaz aritzeko deia egin du Diputazioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Denboraleak Eguraldia Gizartea albisteak Elurra albisteak Gaurko azken ordukoa