Gizartea -

Barakaldo

Stock Euskadi azokaren 10. edizioak ateak zabaldu ditu

Edizio honetan, antolatzaileek 3.000 euro emango dizkiote Cáritas Bizkaia elkarteari, eta stand propioa utziko diote.

Stock Azoka Becen
Stock Azoka Becen
Stock Azoka Becen

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Stock Euskadi Azokaren hamargarren edizioa egiten ari dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan, eta igandera arte egongo da zabalik.

11:00etan hasi eta 21:00ak arte izango ditu ateak zabalik, eta askotariko erakusketariak bildu dira topaleku horretan beren produktuak salgai jartzeko. Besteak beste, alor hauetako produktuak daude bertan: moda, kirola, osasuna eta edertasuna, haurrak, oinetakoak, optika, aisia, informatika, argiztapena, etxeko gauzak, altzariak, etxetresna elektrikoak, artisautza, larrugintza, dekorazioa eta ikus-entzunezkoak.

Aipatutakoez gain, martxoko hitzorduak, berritasun gisa, gune berezia eskaini die artisau-garagardoei eta foodtruck izenaz ezagutzen direnei, hau da, janaria saltzen duten eta oso era deigarrian dekoratuta egoten diren furgoneta ibiltariei.

Bisitariek bi euro ordaindu behar dituzte bertara sartzeko, 14 urtetik beherakoek izan ezik, horiek doan sartzen baitira. Antolatzaileek 6.000 euro banatuko dituzte bertara joaten direnen artean; 400 euro, bi orduan behin.

Azokak 45.000 bisita izatea espero dute. Euskadiko outlet handiena da, eta urtean bitan egiten da: martxoan eta azaroan. BECen webgunean ikus daitekeenez, 2016ko bigarrena azaroaren 4, 5 eta 6an egingo da.

Dirua Cáritas Bizkaia elkartearentzat

Stock Euskadi egitasmoak elkartasunari ere ireki zizkion ateak iaz, Euskadin lan nabarmena egin duen gobernuz kanpoko erakunde bati laguntzeko edizio bakoitzean. Martxoko edizioan, Minbiziaren Kontrako Espainiako Elkartearen Bizkaiko ordezkaritzari lagundu zioten, eta bestean, berriz, Euskadiko Unicef elkarteari.

Oraingo honetan, Cáritas Bizkaia aukeratu dute. Hori dela eta, elkarteak 3.000 euroko dohaintza jasoko du, eta stand bat izango du BECeko atarian, bertaratzen diren guztiei bere jardueraren berri emateko aukera izan dezan.

Diru-laguntza emateko ekitaldia BECen bertan egingo dute, larunbat goizean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Neguko beherapenak