Gizartea -

Epaia

19 urteko espetxe zigorra ezarri diote Ezkurdiari Losada hiltzeagatik

Epaileak ez du uste Ezkurdia mozkor zegoenik senarra hiltzean. Defendatzeko modua eman gabe hil zuela ebatzi du, gainera.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Mateo Ayala Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaileak 19 urteko kartzela zigorra ezarri dio Jon Ezkurdiari 2014ko azaroaren 19an Koldo Losada aktore eta senarra hiltzea egotzita.

Otsailaren 25ean Ezkurdia errudun jo zuten epaimahaiko 9 kideek. Senarra azpikeriaz hiltzea leporatu zioten, senidetasun larrigarria ezarriz.

Epaileak frogatutzat jo du Ezkurdiak "objektu sendo eta ertzdun" batekin hainbat aldiz kolpatu zuen Losada. Ez zion, gainera "ihes egiteko edo defendatzeko aukerarik eman", erdi lokartuta zegoelako aurretik emandako lasaigarri batzuei esker.

Ez zegoen mozkortuta

Gaur kaleratutako epaian jasotzen denez, Ezkurdia ez zegoen mozkor senarra hil zuenean, eta hori frogatzeko hainbat argudio eman ditu. Ezkurdia kalean eta supermerkatu batean grabatu zuten irudiak aipatu ditu epaileak. Horietan, zigortutakoaren mugimenduak "ez dira zalantzatiak".

Horrez gain, akusatuak "antolatzeko ahalmena" izan zuela uste du, garraiolariari eta lagun bati hots egiteko gai izan baitzen, baita aipatuta lagunari zenbait mezu idazteko ere. Garraiolariak berak epaiketan adierazi zuenaren arabera, ez zirudien Ezkurdia edanda zegoenik, eta ez zuen alkohol usainik ere.

Halaber, epaileak aintzat hartu du ahaidetasun larrigarria, Ezkurdia eta Losada 2013tik ezkonduta baitzeuden, bikote egonkor gisa hainbat urtez elkarrekin bizi ondoren.

Epaiak ezartzen duenez, Ezkurdiak biktimaren anaiatako bakoitzari 25.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio, eta ezin izango da Losadaren anaiengandik eta amarengandik 800 metro baino gertuago egon datozen 29 urteetan. Horrez gain, epaiketaren kostuak ordaindu beharko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaiko albisteak Epaiketak argazkiak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa