Gizartea -

Donejakue Bidea

Bi erromes hipotermia larriarekin erreskatatu dituzte Ibañetan

Brasilgo gizon eta emakume bat erreskatatu zituzten bart Izandorreko aterpetik gertu, Orreaga eta Frantziako mugaren artean.

Erreskatea Ibañetan. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak
Erreskatea Ibañetan. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak
Onik erreskatatu dituzte Ibañetan galdutako bi erromesak

0:29

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donejakue Bidea egiten ari ziren bi erromes erreskatatu zituzten bart, Ibañetan, Nafarroako Gobernuak agiri batean azaldu duenez. Neka-neka eginda gizona galdu egin zen, eta hura bilatzen ari zenean istripua izan zuen emakumeak. Erreskatearen ostean emakumeak Izandorreko aterpean igaro du gaua.

Erreskate taldeak emakumea sakan batean aurkitu eta esku-ohe batean atera zuen. Trokara erori eta hanka bat hautsi zuen erromesak.

Nahiz eta hasiera batean Nafarroako Ospitalera eramateko asmoa izan, 30 urteko emakumearen egoera ikusita anbulantzian bidaia egitea baztertu zuten. Azkenik, helikopteroan eraman dute gaur.

Suhiltzaileek, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak parte hartu zuten erreskatean. Emakumea 24:00ak aldera erreskatatu zuten Ibañetan.

Diabetikoa, jota eta hipotermiarekin

Antza denez, emakumea Donejakue Bidea gizon batekin egiten ari zen. Gizona arratsaldean erreskatatu zuten hipotermia larri batekin eta ahituta.

Atzo, 17:33 aldera, 39 urteko gizonak Nafarroako larrialdi zerbitzuari abisua eman zion, Izandorreko aterpetik hurbil, Orreaga eta Frantziako mugaren artean, zegoela esanez. Jota zegoela eta hotz handia zuela azaldu zuen deian. Gainera, diabetikoa zela, bakarrik zegoela eta jatekorik ez zuela erantsi zuen.

Auritz, Cordovilla eta Luzaideko suhiltzaileak, Guardia Zibilaren Mendi Erreskateko Taldea (GREIM) eta foruzainak bidali zituzten. Guardia zibilak Nafarroako Gobernuaren helikoptero batean hurbildu ziren.

rescate peregrinos FOTO: BOMBEROS DE NAVARRA

Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak

Gainera, Auritzeko bizilagun batek dispositiboarekin bat egin eta suhiltzaile bat elurretako motorrarekin eraman zuen, baina helikopteroak erromesa lehenago topatu zuen. Gizona erreskatatu eta zuzenean Nafarroako Ospitalera eraman zuen helikopteroak 19:00ak aldera.

Ondoren, 21:00ak aldera, larrialdi zerbitzuak beste dei bat jaso zuen. Eroriko bat izan zuela azaldu zuen emakume brasildarrak. Hanka bat hautsita, bustita eta bertatik ateratzeko aukerarik gabe zegoela adierazi zuen.

24:00ak aldera erreskate taldeak bigarren erromesa topatu zuen, eta berehala edari beroak eta berokiak eman zizkioten.

Erreskate zaila

Erromesa sakanetik esku-ohe batean sokekin atera zuten. Ondoren, 11 suhiltzaile txandakatzen joan ziren biktima eramateko. Oso erreskate zaila izan zen, elurrak estalitako bideetatik eta hotz handiarekin.

Nafarroako Ospitalera anbulantzian eramateko asmoa zuten. Frantziako helikoptero bat ere aireratzen saiatu zen, baina eguraldi txarragatik ez zuen lortu. Hipotermia larria zuen emakumeak, eta azkenean Izandorreko aterpean gaua igarotzea erabaki zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea albisteak Elurra bideoak Gaurko azken orduko albistea Donejakue bidea albisteak