Gizartea -

Larrialdi plana

Horma bat eraikiko dute Ondarroan, etxeak luizietatik babesteko

Murrua eraikita, kalte gehiago izatea ekidin nahi du Udalak. Horrez gain, luiziak izan ziren zonan larrialdi plana aktibatu dute.

Lur-jausia izandako tokia, Ondarroan. Argazkia: EiTB
Lur-jausia izandako tokia, Ondarroan. Argazkia: EiTB
Lur-jausia izandako tokia, Ondarroan. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ondarroako Udala horma bat eraikitzen saiatuko da, etxeak luizietatik babesteko eta kalte gehiago izatea ekiditeko. Gainera, Zunbeltz Bedialauneta alkateak jakinarazi duenez, larrialdi plana aktibatu dute lur-jausiak izan ziren Kamiñalde kalean.

Joan den asteartean 84 familia etxetik atera behar izan zituzten, luizi arriskua zela eta.

“Orain arte ez dugu larrialdi plana ofizialki aktibatu, baina praktikan bertan zehaztutako urrats guztiak jarraitu ditugu; egoeraren larritasunaz jabetuta, larrialdi plana indarrean jartzea erabaki dugu”, azaldu du alkateak.

Ingurua hesituta dago eta teknikariak lanean ari dira, luizia zerk eragin zuen argitzeko eta egoera zein den zehazteko. Gainera, euri denboraleak eginbeharrekoak zaildu ditu. Hasiera batean, bizilagunak hamabost eguneko epean etxera itzuli ahalko zirela adierazi zuten, baina orain horrelakorik baieztatzeko moduan ez daudela aitortu dute.

“Teknikariek 48 orduko epea eskatu digute, luiziaren garapena ikusteko; ordu horiek igarotan, ostiral honetan, 16:00etan, bizilagunekin bilduko gara eta egoeraren xehetasunak emango dizkiegu”, erantsi du alkateak.

Bien bitartean, Ondarroako Udalak kaltetuei laguntzeko arreta zerbitzua jarri du martxan udaletxean, 08:00etatik 15:00etara.

Bizilagunak, besteak beste, lapurreten beldur dira. Hortaz, jendez hustutako etxeak zaintzapean egongo dira gau eta egun, alkateak esan duenez.

Beste lokal batzuen artean, Lanbideren bulegoa ere hustu dute. Beraz, datozen egunetan erabiltzaileek Durango, Elgoibar, Eibar edo Gernikako bulegoetara joan beharko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia argazkiak Ondarroa Gaurko azken ordukoa Etxebizitza gaur Lea-Artibai azken ordukoa Lur-jausiei buruzko albisteak