Gizartea -

Osasuna

Oftalmologia-zentro berri bat zabaldu dute Arabako Ospitalean

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jon Darpon Osasun sailburua izan dira inaugurazio ekitaldian eta, bertan, Jaurlaritzak Osasun Publikoarekiko duen "konpromisoa" azpimarratu dute.

Lehendakaria eta Darpon, inaugurazioan. Irudia: EiTB
Lehendakaria eta Darpon, inaugurazioan. Irudia: EiTB
Lehendakaria eta Darpon, inaugurazioan. Irudia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Unibertsitate Ospitalean zabaldutako oftalmologia-zentro berriak arreta osoa emango die gaixoei, bi kabinete berri eta ekipamendu aurreratuak instalatuta. Zentroak mila metro koadro baino gehiago ditu, eta milioi erdi euro baino gehiago inbertitu dute.

Inaugurazio ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jon Darpon Osasun sailburua izan dira eta, bertan, Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak Osasunarekiko hartu duten "konpromisoa" nabarmendu dute.

Oftamologia Unitateak lan egiteko modua berrantolatu du eta, hemendik aurrera, koordinatu egingo da Kanpo Kontsultak eta Santiagoko taldeekin.

Hala, Osakidetzak "zerbitzu osoa" eman nahi du Araban, beste lurraldeetara joan behar ez izateko. Bi egoitzetan kontsultak eta froga orokorrak egingo dituzte.

Santiagon, gainera, patologia zehatzak eta korapilatsuagoak, eta edonolako larrialdietakoak aztertuko dituzte. Eraikinaren lehen solairuan, Santiago Ospitalean dagoen eraikinean, alegia, oftalmologia patologia zehatzak artatuko dituzte, esaterako, kataratak, glaukoma, erretina, betazalak eta malko-bideak, eta haurren patologia.

Gainera, bigarren solairuan kontsultak eta oftalmologia froga orokorrak egingo dituzte, goizeko eta arratsaldeko ordutegietan. Oftalmologia-zentro berriak bi kabinete ditu, begiaren azterketa ordenagailuen bidez egiteko, eta Osakidetzako komunikazio-sistemari lotuta dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Gizarte zerbitzuak Gizartea Gaurko azken ordukoa