Gizartea -

Urduñako tren-geltokia

Renferen iragarpena nahikoa ez dela esan du Fekoor elkarteak

Urritasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinakundeak neurri zehatzak eskatu dizkio Renferi, Urduñako geltokian irisgarritasuna hobetzeko.

Geltokiak egokitzearekin ez dela nahikoa dio Maria Luisak

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urritasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinakundeak (Fekoor) esan du Renfek egindako iragarpena ez dela nahikoa eta neurri zehatzak exijitu dizkio.

Federazioak manifestazioa egin zuen atzo Urduñan, Renferi tren-geltokia gurpil-aulkian dauden erabiltzaileentzat egokitzeko eskatuz. 400 bat lagunek hartu zuten parte mobilizazioan.

Protesta Maria Luisa Goikoetxea medikuari babesa helarazteko deitu zuten. Maria Luisak autoz joan behar du terapia saioetara, Bilbora, Urduñako geltokian gurpil-aulkiarekin sartzerik ez duelako.

Aitor Aguirre Fekoor elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, "Renfek ez du ezer zehaztu, agian, atzoko iragarpenarekin, auzi honek eragin duen oihartzun mediatukoa baretzea lortu du, baina guk arazoa nola konponduko duen jakin gabe jarraitzen dugu".

Horrenbestez, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri du, "arrazoizko epean soluziorik ez badago".

Elkarteak gogora ekarri du Europako nahiz Estatuko araudiak exijitzen dutela horrelako azpiegituretan barrera arkitektonikoak kentzea, trenean sartzea ahalbidetuz. "Horretarako badaude hainbat sistema eta Adifeko teknikariei dagokie horietako zein ezarri erabakitzea", erantsi du.

Eztabaida Bizkaiko Batzar Nagusietan

Bestalde, Urduñako tren-geltokiaren egoera aztertuko dute datorren astelehenean Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurralde Kohesiorako batzordean.

EAJ eta PSEren taldeek legez besteko proposamen bateratua aurkeztu dute, Espainiako Gobernuari geltoki horretan irisgarritasuna hobetzeko eskatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Gaurko azken ordukoa Urduña azken ordukoa Renfe albisteak