Gizartea -

Indarkeriazko lapurreta

Elkarretaratzea egin dute Legazpin, gizonezko baten hilketa salatzeko

Gertaerekin zerikusia zutelakoan atxilotutako lagunak espetxera bidali ditu epaileak.

Legazpiko elkarretaratze isila. Argazkia: EITB
Legazpiko elkarretaratze isila. Argazkia: EITB
Legazpiko elkarretaratze isila. Argazkia: EITB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legazpiko herriak 15 minutuko elkarretaratze jendetsu eta isila egin du gaur arratsaldean Udalak deituta, larunbat goizaldean Santikutz jaietan indarkeriazko lapurreta baten biktima izan eta larunbat arratsaldean Donostia ospitalean hil zen 46 urteko gizonezkoaren sendiari babesa eskaintzeko eta indarkeria ekintza oro gaitzesteko.

Udaleko Bozeramaileen Batzordeak bilera egin du gaur goizean eta arratsaldeko zazpietarako bilkura isila deitu du Euskal Herria plazan.

Koldobike Olabide Legazpiko alkateak azaldu duenez, Udalak bat egiten du biktimaren familiaren saminarekin eta "erabateko gaitzespena azaltzen du edozein indarkeriaren aurrean, uste duelako horrelako jarrerak onartezinak direla".

Arratsaldeko zazpietatik aurrera Euskal Herria plazan egingo den kontzentrazioan parte hartzeko deia egin die Legazpiko Udalak herritarrei eta tarte horretan jaietako ekitaldi guztiak bertan behera geldituko dira.

Larunbat goizaldeko 02:30ak aldera gertatu zen erasoa. Legazpin, jaiak direla-eta zaintza lanak egiten ari ziren ertzainek buruan kolpe handia zuen gizonezko bat topatu zuten elizaren atarian.

Biktima, sortzez usurbildarra eta Legazpin bizi zen 46 urteko gizona, konorterik gabe zegoela ikusita, ertzainek hura suspertzeko maniobrak egin zizkioten eta, gerora, erasoaren tokira bertaratu ziren larrialdi zerbitzuetako langileek zaurituaren egonkortzea lortu, eta, ondoren Donostia ospitalera eraman zuten.

Lekukoen testigantzari esker, ertzainek 19 eta 30 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten eta horietako bati biktimaren dokumentazioa eta kreditu txartela atzeman zizkioten.

Susmagarriak, berriro atxilotuta

Kasuarekin zerikusia zutelakoan atzo atxilotu zituzten bi lagunak berriro atxilotu dituzte arratsaldean, epailearen aginduz. Magistratuak espetxera bidali ditu.

Hasiera batean, karguekin bada ere, aske geratu dira igande goizean, behin epailearen aurrean deklaratuta; hala ere, 15 egunetik behin epaitegira joateko betebeharra zeukaten.

Dena dela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Ertzaintzako agenteek gertaerekin ustez lotuta dauden 19 eta 30 urteko bi gizonezkoak berriz atxilotu ditu gaur arratsaldean, epaileak hala eskatuta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Gizartea Albisteak Legazpi azken ordukoa Goierriko albisteak Krimenak azken ordukoa