Gizartea -

Gasteiz

Europa Jauregia berriro zabalik, 5 urteko zaharberritze lanen ostean

Hemendik urtea bukatu arte ia 50 biltzar programatu dira, eta 11.500 parte-hartzailek baino gehiagok baieztatu dute asistentzia. Guztira, 9 milioi euro gastatu dituzte eraberritze lanetan.

Gasteizko Europa Jauregia. Argazkia: vitoria-gasteiz.org
Gasteizko Europa Jauregia. Argazkia: vitoria-gasteiz.org

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Europa Jauregia berriz inauguratu dute asteazken honetan, bost urteko zaharberritze lanen ostean. Iñigo Urkullu lehendakaria izan da gonbidatuen artean.

PPk salaketa aurkeztu zuen Hauteskunde Batzorde Nagusian, ekitaldiak urratu egiten zuelakoan hauteskunde garaietan inaugurazioak egiteko debekua. Nolanahi ere, Hauteskunde Batzordeak bihar arteko epea eman dio PPri alegazioak aurkezteko, eta, beraz, ekitaldia normal egin dute.

Urkullu ez ezik, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Gorka Urtaran alkatea eta beste 400 gonbidatu ere izan dira bertan.

Felipe VI.a Espainiako erregeak atzo sinatu zuen hauteskundeak deitzeko dekretua, baina Gasteizko Udalak azaldu du martxoaren 18an hitzartu zutela inaugurazioaren data, hots, bozak errepikatu behar direla jakin baino lehen.

Lehendakaritzak, bere partez, esan du ez duela parte hartu ekitaldiaren antolakuntzan, eta lehendakaria gonbidatuetako bat izan dela.

Zaharberritze lanak 2011n hasi ziren, eta 9 milioi euroko inbertsioa behar izan dute, Eusko Jaurlaritzak ordainduta.

Ekitaldian, Urkulluk adierazi du tankera honetako inbertsioek “konfiantza” dakartela, eta “jarduera ekonomikoa sustatzeko lagungarriak” direla.

Hemendik urtea bukatu arte ia berrogeita hamar biltzar programatu dira Jauregian, eta 11.500 parte-hartzailek baino gehiagok baieztatu dute asistentzia. Azken batean, "hiriko ekonomi jardueraren benetako motorra da, eta ahalik eta etekin handiena aterako diogu", adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Bestalde, asteburuan (maiatzak 7 eta 8) herritarrei ateak irekitzeko bi jardunaldi antolatu dira. Bisitak doakoak izango dira eta ordu erdian behin egingo dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Iñigo Urkullu Lehendakaria Ramiro Gonzalez Gasteiz berriak