Gizartea -

KIROL DANTZA

Galdakaoko Martinez anai-arrebak, 10 dantzako Espainiako txapeldun

Denboraldi aparta egiten ari dira; izan ere, standard txapelketan bigarren sailkatu dira eta ekainean egingo den dantza latindarra irabazteko hautagaiak dira.

Borja eta Estefania Martinez anai-arrebak Espainiako txapeldunak dira. Argazkia: Borja Martinez
Borja eta Estefania Martinez anai-arrebak Espainiako txapeldunak dira. Argazkia: Borja Martinez
Borja eta Estefania Martinez anai-arrebak Espainiako txapeldunak dira. Argazkia: Borja Martinez

Onintza Aiestaran | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egunkarietako kirol orriak futbolak, saskibaloiak edota pilotak betetzen badituzte ere, kirolaren mundua oso anitza da eta badira hain ezagunak ez diren beste hainbat diziplina ere. Oraingoan kirol dantzari eskaini diogu arreta, baina ezertan hasi aurretik: Zer da kirol dantza?

Areto dantzak dira kirol dantzaren oinarria, baina harago doa. Bi modalitatetan banatuta dago: standard eta latindarra eta, era berean, modalitate bakoitza bost dantzak osatzen dute. Horrela, standard modalitatearen baitan daude Bals ingelesa, tangoa, Vienako balsa, Slow Fox eta Quickstep; aldiz, hauek dira dantza latindarrak: samba, cha-cha, rumba, pasodoblea eta jive. Txapelketei dagokienez, modalitate bakoitzeko lehiak izaten dira, baina zenbait txapelketatan bi modalitateak edota 10 dantzak egiten dituzte.

Bada, hain zuzen ere, Borja eta Estefania Martinez anai-arreba galdakoztarrak kirol dantzako 10 dantzako Espainiako txapeldunak dira. Apirilaren 23an Tarragonako L?Hospitalet de l?Infant udalerrian egin zen txapelketan nagusitu ziren eta garaipen hori erdietsi duten Euskadiko lehendabiziko bikotea dira. Gainera, hamar dantzatan lehen postuan sailkatu ziren.

Balorazioak urte amaieran egiten badira ere, Borja eta Estefania Martinez denboraldi bikaina egiten ari dira. Lorturiko emaitzak dira horren seinale. 10 dantzako Espainiako txapeldun izateaz gain, otsailean Oropesa del Mar udalerrian egin zen Espainiako Standard Txapelketan txapeldunorde gelditu ziren eta ekainean Madrilgo Leganes udalerrian egingo den latindar modalitateko Espainiako txapelketan finalera iristeko hautagaiak dira. Aipaturiko txapelketez gain, ia astebururo lehiatzen dira Espainiako ranking-erako kontuan hartzen diren lehiaketatan, eta aurten lehen hiru postuetan sailkatu dira saio puntuagarri horietan.

Baile deportivo, kirol dantza, Borja Martinez, Estefania Martinez, argazkia: Borja Martinez

Borja Martinez eta Estefania Martinez podiumaren gorenean. Argazkia: Borja Martinez

Galdakaoko anai-arreba horien istorioa ezagutzeko asmoz, Borja Martinez dantzariarekin hitz egin dugu. Ez Borja eta ezta Estefania ere ez dira profesionalak -dantza eta lana uztartzen dituzte-, nahiz eta beren dedikazioa erabatekoa izan. Goizean egiten dituzte entrenamenduak -dantza egiteaz gain, prestakuntza fisikoa zaintzen dute eta gimnasiora ere joaten dira- eta arratsaldetan dantza eskolak ematen dituzte Galdakaoko Areto Dantza Elkartean. Halaber, sarritan joaten dira Bartzelonara eta Madrilera standard eta latindar modalitateetan maisuak diren dantzarien eskolak jasotzera.

Martinezek aitortu duenez, kirol garestia da, batez ere, lehiatu ahal izateko ia astebururo Madrilera, Bartzelonara, Galiziara edota Valentziara joan behar izaten dutelako. Horren hitzetan, Euskal Autonomia Erkidegoan tradizio gutxi duen kirola da eta, horrenbestez, oso lehiaketa gutxi antolatzen dira (Bilbon azaroko azken asteburuan bi lehiaketa antolatu ohi dituzte). Diru-laguntzarik jasotzen duten galdetuta, denboraldi osorako zapatak ematen dizkien babesle bat dutela esan du, baina gainerako gastuak (bidaiak, entrenamenduak, arropa, etab.) eurek ordaintzen dituztela gaineratu du.

Baile deportivo, kirol dantza, Borja Martinez, Estefania Martinez, argazkia: Borja Martinez

Dantzariek beren itxura zaindu behar izaten dute. Argazkia: Borja Martinez.

Arropak eta itxurak beren garrantzia dute. Borja Martinezen esanetan, kirol diziplina bat izanda ere alderdi artistikoa zaindu beharreko zerbait da. Esaterako, emakumeek orrazkerari, makillajeari eta arroparen diseinuari erreparatu behar diote. Ildo horretan, beren ama jostuna izanda, beste dantzariekiko abantaila dutela nabarmendu du. Azaldu duenez, amaren eta arrebaren artean diseinatzen dituzte lehiaketarako arropak eta, gero, amak josten die arropa. Bestalde, gizonek ere beren itxura zaintzen badute ere, emakumeak baino mugatuago daudela uste du.

Estefania eta Borja denboraldi bukaera prestatzen ari dira buru-belarri eta ekainean egingo den latindar modalitateko Espainiako txapelketa dute helburu. Etorkizunari begira, dantzaren munduan jarraitzeko eta geroz eta dedikazio handiagoa eskaintzeko asmoa dute. Bikote gaztea dira oraindik (Borjak 28 urte ditu eta Estefaniak, berriz, 25) eta etorkizun oparoa dute aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao albisteak Azken ordukoa Bizkaia Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa