Gizartea -

ERROMESALDIA

'Pozik' iritsi dira Rocio erromerira Laudioko lau erretiratuak

Apirilaren 2an abiatu ziren Laudiotik, eta 1.000 kilometro egin dituzte gurdi baten gainean, bi mando tiraka zituztela. Gustura iritsi dira helmugara, baina erromesaldia 'gogorra' izan dela esan dute.

Laudio
Laudio
Laudio

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur iritsi dira Rocio erromeriara (Huelva), apirilaren 2an Laudiotik abiatu ziren lau gizonezko erretiratuak. Gurdi gainean, bi mandok tiratuta, egin dituzte 1.000 kilometro.

62 eta 70 urte arteko lau lagunak Laudioko San Roque kofradiako kideak dira. Aurreikusita bezala, 40 egun behar izan dituzte Huelvara arteko bidea egiteko: egunean, batez beste, 30 kilometro eginez heldu dira, tarteka atseden-egunak hartuta. Erromesaldia egiteko propio erosi zituzten bi mandoak, eta iazko azaroan hasi ziren animaliak bidaiarako prestatzen.

Jose Ramon Larisgotia da bidaian parte hartu duenetako bat, eta bere hitzetan, "gustura" daude egindako lanarekin, helburua ondo bete dutelako. Aparteko gorabeherarik gabe egin dutela bidaia esan du, eta bide osoan zehar aurkitu duten jende atsegina nabarmendu du.

Aparteko gorabeherarik ez, baina erromesaldia gogorra izan dela onartu du Larisgoitiak, batez ere, eguraldia ez dutelako lagun izan. Haizea, euria eta elur-bustia izan dituzte bidelagun hainbat gunetan, baina "alaitasun handiz" egin omen diote aurre eguraldiari.

Salaketa, 'animaliei tratu txarrak emateagatik'

Bidaia horren  berri izan orduko, Animalien Errespeturako Ekintza taldeak,  sinadura-bilketa jarri zuen abian, ekimena bertan behera uzteko eskatuz,  bi mandoei tratu txarrak emateagatik. Change.org  plataforman ari dira sinadurak biltzen, eta, dagoenko, 44.000 jaso dituzte.

50.000 sinadurara iristen direnean, Arabako Aldundiari, Espainiako Nekazaritza Ministerioari eta Andaluziako Nekazaritza Kontseilaritzari helaraziko dizkiete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Laudio Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Aiarako kuadrilla