Gizartea -

Politika sozialak

Gizarteratzeko Errentak %20,6 murriztu du pobrezia larria Nafarroan

Duela urtebete Gizarteratzeko Errentaren erreforma egin zutenetik, pobrezia larria "modu argian" jaitsi dela azaldu dute.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizarteratzeko Errenta inoiz baino jende gehiagorengana heldu da azken urtean Nafarroan. 29.000 lagun inguruk jaso dute laguntza hori, baina, jakinarazi dutenez, behar sozialek ez dute okerrera egin. Laguntzei esker, pobrezia larriak %20,6 egin du behera, Nafarroako pobreziaren eta ezberdintasun sozialen inguruko ikerketak azaldu duenez. Patxi Tuñón zuzendariak azpimarratu du Nafarroan pobrezia larriak behera egitea positibotzat jo du, baina lan egiteko "pertsona asko" daudela oraindik.

Iaz 35.100 lagun inguru omen zeuden pobrezia larriak jota. 2014ko datuekin alderatuz, 9.130 lagun gutxiago dira (44.276 ziren orduan). Beherakada hori, pobrezia arriskuan daudenen datuan legez (%20.4 da azken datua), Gizarteratzeko Errenta delakoan ezarri dituzten aldaketengatik etorri da. Nafarroako 11.105 familiak jasotzen dute, batez ere garai luzez langabezian daudenak. Horientzat, errentak "moteltzaile" lanak egiten ditu, Estatuko laguntzak jaitsi baitira, Tuñonek hedabideen aurrean azaldu duenez.

Bere aldetik, Antidio Martinez de Lizarrondo behatokiko zuzendariak txostenaren hainbat datu zehaztu ditu. Iaz Nafarroan pobrezia larrian bizi ziren 35.146 lagunetatik, %51 gizonezkoak ziren. Lurralde barneko desberdintasunak daudela gaineratu du.

Pobrezia larriari dagokionez, Goi Erriberan eta Behe Erriberan eragin handiagoa izan du laguntzak. Inguru horietan, langabezia tasa altuak daude herri askotan.

Txostenak ondorioztatu du krisiak "kalte handia" egin diela Nafarroako familiei, 2008tik laukoiztu egin baita etxeko guztiak langabezian dituzten familia kopurua. 2013tik hobera egin du datu horrek, baina errealitateak "oso zaila izaten jarraitzen du", ikerketaren arabera.

Tuñonen esanetan, egungo errealitate sozialaren erretratua egin nahi zuten ikerketarekin, baina laguntza pertsona gehiagok jasotzearen arrazoia pobreziaren gorakadagatik edo zerbitzuaren hobekuntzagatik izan den ere jakin nahi zuten, eta bigarrena dela egiaztatu omen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Gizartea Gaurko azken orduko albistea