Gizartea -

Erreportajea

Bideo-jokoak eta LGBT kolektiboa: bikote hasiberria

Oro har, estereotipoen bitartez plazaratzen dira homosexualitatea eta transgeneroa bideo-jokoetan. LGBT kolektiboaren normalizazioa sortzaile independenteen eskutik etorriko da ezinbestean.

Homosexualitatea, 'Dragon Age' bideo-jokoaren irudi batean. Argazkia: Mikel Calvo
Homosexualitatea, 'Dragon Age' bideo-jokoaren irudi batean. Argazkia: Mikel Calvo
Homosexualitatea, 'Dragon Age' bideo-jokoaren irudi batean. Argazkia: Mikel Calvo

T. SAN JOSÉ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LGBT lesbiana, gay, bisexual eta transexual lagunek nekez irits dezakete oraindik ere bideo-jokoen protagonista izatera. Gizarteak aurrera egin duela ematen badu ere, sexu-identitate diferente duten lagunen oso adibide gutxi ikus ditzakegu bideo-jokoetan. Oraingoz ez, behintzat, aisialdi digital hori ez da gizartearen aniztasunaren isla.

1991. urteko bideo-joko horretan, estereotipoak erabili zituzten pertsonaia homosexualetarako.

Bideo-jokoen industriak 1.000 milioi euroko mozkinak izan zituen Espainiako Estatuan 2015ean, % 8,7 gehiago 2014ko irabaziekin alderatuta, AEVI Bideo-jokoen Espainiako Elkartearen datuen arabera. Gainera, iturri berak dioenez, Estatuko bideo-jokalariek 334 euro gastatu zituzten iaz kontsoletan.

Goranzko joera hartu duen industria horri leporatu egin diote LGBT kolektiboaren aldarrikapenak jaso ez izana. Hala eta guztiz ere, "estereotipoak gandituz doazen adibideak ere agertzen hasi dira", Pulsar Concept euskal enpresan bideo-joko garatzaile den Mikel Calvok adierazi duenez, "bigarren mailako pertsonaietan bada ere".

Gauzak horrela, zenbait bideo-jokoetan posiblea da pertsonaien sexu-identitatea edo generoa aukeratzea, edo "sexu bereko lagunekin amodiozko harremanak izatea, esaterako Mass Effect edo Dragon Age jokoetan". "Horrek erabiltzaile guztiak gogobetetzen ditu", argitu du Calvok.

MIKEL CALVO MIEMBRO DE LA SOCIACIÓN GAYMER EN BILBAO ITURRIA: MIKEL CALVO

Mikel Calvo, Pulsar Concept euskal enpresako sortzailea eta Game Designer. Argazkia: Mikel Calvo

MaricCon 2016

Horren harira, hain justu, joan den apirilean MaricCon 2016 jardunaldia egin zuten Bilbon, xede izanik "jolas-aisialdi digitalaren inguruan hausnarketa sustatzea, generoa eta sexu-identitatea abiapuntutzat hartuta". LGBT kolektiboan eta bideo-jokoetan oinarritutako lehen ekitaldia izan da Estatuan, eta Gaymer elkarteak antolatu zuen.

Elkarte horretako kide ere da Calvo, eta jardunaldi horrek izandako harrerarekin oso pozik azaldu da, "bideo-jokoetan aniztasuna eta sexu-identitatea erakustea baitzen helburua", Videojuegos Vascos blogak jaso duenez. Etorkizunari begira, "eremu birtualean egiten dugun lana hitzaldi presentzialekin osatzen jarraitzea espero dugu, LGBTren normalizazioaren mesederako".

MARICCON EVENTO BILBAO 2016 BIDEOJOKOAK ETA HOMOSEXUALITTATEA ITURRIA: MIKEL CALVO

MaricCon 2016 ekitaldiaren irudia. Argazkia: Gaymer.es

Sortzaile independenteak, etorkizunerako apustua

LGBT kolektiboko pertsonaiak bideo-jokoetan maizago ikusi ahal izateko, borroka bizian ari dira azken urteetan, eta horretan zeresan handia daukate bideo-jokoak garatzen dituzten enpresa independenteek (indie-ak). Garapen-estudio erraldoiek etekin ekonomiko ahalik eta handiena dute helmuga eta, hori dela eta, gehiengo batentzat zuzendutako bideo-joko kontserbadoreak egin ohi dituzte. Sortzaile indie-ak, berriz, pertsona gutxi batzuk osatutako lantalde txiki izan ohi dira, eta "ikuspuntu pertsonala eta aparta eskaini dezakete", Calvoren hitzetan.

Sormen-askatasun horrek bultzatuta, sortzaile independenteek LGBT kolektiboko gaiak hurbiletik eta egiazkotasun handiagoz landu ditzakete. Horren adibide dira, esaterako, bideojoko-sortzaile Anna Anthropy, "sexu-aldaketa prozesu baten bitartean nola sentitzen zen azaltzeko bideo-jokoa sortu baitzuen"; kasu bera Read Only Memories bideo-jokoarena, "sexualitate anitza duten pertsonaiek osatzen dutelako abentura grafikoa"; edo Fragments Of Him lana, "mutil-laguna hil berri zaion gizonarena egin dezakezulako".

Bideo-joko horretako pertsonaiek euren artean harreman sexualak izan ditzakete, sexu-identitatea edo generoa gorabehera.

Bestalde, LGBT kolektiboko lagunek konpromiso soziala exijitzen diete bideo-joko sortzaileei. "Bideo-jokoak garatzen dituzten enpresen ardura da homofobiarik gabeko guneak sortzea, bertan sexu-aniztasuna eta genero guztiak ordezkatuta egon daitezen, eta horrek ez luke eztabaida handirik eratu behar", azpimarratu du Alfonso Matek Gaymer elkarteko fanzine ofizialean.

Normalizazioaren bide luze horretan, ezinbesteko urratsa izango da "bideo-joko handi batek protagonista gay, lesbiana, bisexuala edo transexuala izatea". Bien bitartean, borroka horren gakoak izango dira sortzaile indie-en ekarpenak eta horren zabalpena, kanal txikien bitartez bada ere. "Gure bideo-jokoak sortu behar ditugu, gure istorioak kontatu ahal izateko", ondorioztatu du Calvok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Gizartea albisteak Erreportajeak sakonean Homofobia Bideo-jokoak albisteak LGTBI