Gizartea -

Elkarrizketa

Alvaro Saiz,euskal boluntarioa Idomenin:'Irteteko gonbita egin digute'

Radio Euskadin azaldu duenez, goizaldean kanpaleku atariraino lagundu die Poliziak eta orain 5 kilometro ingurura daude. Bizkaian bildutako lau tona elikagai banatzen ari zen Idomenin.

Idomeniko kanpalekua. Argazkia: Alvaro Saiz.
Idomeniko kanpalekua. Argazkia: Alvaro Saiz.
Idomeniko kanpalekua. Argazkia: Alvaro Saiz.

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Poliziak Idomeniko errefuxiatu kanpalekua uzteko gonbita egin die bertan zeuden boluntarioei, Alvaro Saiz Galdakaoko boluntarioak Radio Euskadin baieztatu duenez.

Apirilaren 5etik Mazedoniako mugan dagoen eremuan dago Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteko (GBGE) sortzailea, beste lau lagunekin batera. Bizkaian bildutako lau tona elikagai eraman dituzte Idomenira.

Saizek azaldu duenez, kalez jantzitako poliziak kanpalekuan sartu dira goizaldean eta, beren segurtasunagatik, onena bertatik ateratzea zela ohartarazi diete "zerbait" egingo zutelako. Ondorioz, beharrezko materiala eta baliozko objektuak bildu eta irteteko prestatu dira. Dena den, bizpahiru egunetan itzuli eta kanpamentuan utzi duten material astuna jasotzeko aukera izango dutela ziurtatu diete. Bien bitartean, Poliziak zaintzapean izango omen du materiala.

Boluntarioak azaldu duenez, berarekin batera 15-20 boluntario inguru irten dira kanpalekutik eta ebakuazioa modu lasaian gauzatu da. Poliziak kanpaleku atariraino lagundu die eta orain kanpamentutik 5 kilometro inguruan daude.

Alvaro Saizen testigantzaren arabera, 10 boluntario inguru gelditu dira kanpalekuan: Mugarik Gabeko Medikuen gobernuz kanpoko erakundeko (GKE) lau boluntario eta beste erakunde batzuetako beste hainbat kide.

Bestalde, azken egunak oso gogorrak izan direla nabarmendu du eta beraiei, esaterako, janaria banatzeko kontrolak gogortu dizkietela gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Greziako berriak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak