Gizartea -

Errefuxiatuen drama

Gipuzkoa, lehen errefuxiatu taldea jasotzeko prest

EAEk 18 pertsonari emango die ostatu; eta, Nafarroak, 14ri, ekainaren 1etik aurrera.

Greziatik Espainiako Estatura atera diren errefuxiatuetako batzuk. Efe
Greziatik Espainiako Estatura atera diren errefuxiatuetako batzuk. Efe
Greziatik Espainiako Estatura atera diren errefuxiatuetako batzuk. Efe

AGentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 18 asilo eskatzaile hartuko ditu hurrengo egunetan, eta, Nafarroak, aldiz 14, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakinarazi duenez.

Hain zuzen ere, asteazken honetan, maiatzak 25, Eritreako bederatzi gizon helduko dira Gipuzkoara.

Halaber, astelehenean, maiatzak 30, beste sei pertsona iritsiko dira Gipuzkoara (hiru gizon, bi emakume eta adingabe bat), eta hiru Arabara (emakume bat eta bi adingabe).

Kasu horietan, Greziatik etorriko diren hiru familia siriar izango dira, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketarako sailburuak atzo azaldu zuenez.

Agerraldian, astelehenean zortzi errefuxiatu zirela etortzekoak iragarri zuen, baina, ondoren, Ministerioak zehaztu zuen bederatzi izango direla, emakume bat erditu berri baitzen.

Azkenik, Nafarroak 14 pertsona hartuko ditu hurrengo asteko asteazkenean, ekainak 1.

Oro har, errefuxiatu guztiak Greziatik edo Italiatik etorriko dira, asilo eskatzaileak banatzeko europar programaren baitan.

Espainiako Gobernuak bi urtean 18.000 errefuxiatu hartzeko konpromisoa hartu zuen, eta baliteke EAEk horietako guztien % 10i ematea ostatu.

Orain arte, EAEk Eritreako hiru gizon baino ez ditu hartu. Azaroan iritsi ziren.

"Isilpeko errefuxiatuak"

Nolanahi ere, Toñak gogorarazi zuen EAEk "beren kabuz" iritsitako 200 errefuxiatu ere hartu diuela.

200 pertsona horiek ihes egin dute gerran dauden hainbat herrialdetatik, europar programetatik at. Horregatik, ez dute errefuxiatu estatus legala.

Eusko Jaurlaritzak esan du "behar izan duten azpiegitura guztiak" eman dizkiela, eta hainbat GKE (Gurutze Gorria, CEAR eta Accem) ari direla horiek artatzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gerra Siria Gipuzkoako albisteak Nafarroa gaur Eusko Jaurlaritza EAE Espainiako Gobernua bideoak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Siriar errefuxiatuak Europan Siria