Gizartea -

Sanferminak 2016

Sei hautagaitzen artean aukeratuko dute txupina nork bota

Sei hautagaitza onartu ditu Udalak: Peñen Federazioa, Paris 365, Jesus Ilundain Zaragueta 'El Tuli', Oberena Dantza Taldea, Sanferminak Berdintasunean taldea eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma.

2015eko txupinazoa. Artxiboko irudia: EFE
2015eko txupinazoa. Artxiboko irudia: EFE
2015eko txupinazoa. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten lehen aldiz, herri galdeketa baten bidez aukeratuko dute, ekainaren 10etik 17ra, uztailaren 6an Sanferminak abiatuko dituen txupina nork jaurtiko duen.

Sei hautagaitza onartu ditu Iruñeko Udalak, beharrezko abalak jasota: Peñen Federazioa , Gizakia Herritar Fundazioa (Paris 365 jantoki solidarioaren bultzatzailea), Jesus Ilundain Zaragueta El Tuli (entzierroa hasi baino lehen abesten den kantaren bultzatzailea), Oberena Dantza Taldea, Sanferminak Berdintasunean taldea eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma (PAH).

Guztira, zortzi hautagaitza aurkeztu dira, baina bat abalen faltagatik geratu da kanpoan eta beste bat errepikatu egin da; izan ere, hautagai bera (Ilundain Zaragueta) aurkeztu dute bi elkartek, Iruñeko Udalak agiri batean azaldu duenez.

Alkatetzaren eskumena

Txupinazoa jaurtitzeko ardura izango duen pertsona edo elkartea aukeratzeko eskumena Alkatetzak duela gogorarazi du Udalak, baina Joseba Asiron alkateak herritarrei eman die aurten jaurtitzailea izendatzeko aukera.

Horretarako, Sanferminetako Mahai Orokorrak proposamenak bideratu ditu lehen fase batean, hautagaitzak Udalari aurkezteko. 50 bat elkartek dute ordezkaria mahai horretan.

Ekainaren 10etik 17ra, Iruñean erroldaturik dauden pertsona guztiek aukeratu ahal izango dute txupinazoaren jaurtitzailea, Udalaren webean, 010 telefonoaren bidez edo aurrez aurre botoa emanda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroa Sanferminak Iruñean EH Bildu Iruñea Albisteak