Gizartea -

Nafarroako Auzitegia

Vianan perdigoikada batez hildako gaztearen kasua, epaiketara

Asier Ballesteros 15 urterekin hil zen, etxabe batean zegoela perdigoikada batek bularrean jota.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vianan perdigoikada batez hildako 15 urteko mutilaren kasuan epaiketa abiaraztea erabaki du Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioak.

Asier Ballesteros Gutierrez 2015eko uztailaren 23an hil zen, lagunekin etxabe batean zegoela, bularrean perdigoikada batek jota.

Bi adingabe ikertu zituzten heriotza horrengatik, arduragabekeriazko homizidioa egin zutelakoan. Adingabeen Auzitegiko epaileak artxibatu egin zituen bi ikerketak, baina orain, Nafarroako Auzitegiak atzera bota du erabaki hori adingabeetako baten kasuan.

Joan den apirilean, Fiskaltzak esandakoa aintzat hartuta, Iruñeko Adingabeen Auzitegiko epaileak arduragabekeriazko homizidio delitu arindua leporatu zion tiro egin zuen adingabeari, etxabeko atea giltzaz itxi ez zuelako. Alabaina, zigor penalik merezi ez zuela eta bestelako neurri sozialak hartzea beharrezkoa ez zela ondorioztatu zuen.

Bigarren adingabearen kasuan, epaileak adierazi zuen ezin daitekeela gertatutakoaren lotu, tiro egin ez zuelako eta ondorioak aurreikusi ezin zuelako.

Biktimaren familiak helegitea jarri zuen epai horren kontra eta orain Nafarroako Auzitegiak arrazoia eman dio tiro egin zuen adingabearen kasuan.

Epaimahaiak uste du adingabe horrek arduragabekeria larria egin zezakeela, akusazio partikularrak defendatzen duen moduan, edo ez horren larria, fiskalak dioen bezala.

Hala ere, bi kasu horietan ere artxibatzea erabaki dezakete, inolako neurri sozialik hartu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Gizartea Viana bideoak Albisteak