Gizartea -

Autoa

'Cabacas auzia'ren instrukzioa sei hilabetez luzatu du epaileak

Fiskaltzak egindako eskaerari men egin dio epaileak, akusazioak galdegindako epea (18 hilabete) "larregizkoa" zela iritzita.

Cabacas auzia beste sei hilabetez ikertuko du instrukzio-epaileak

0:28

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Torres Bilboko 10. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epaileak hala erabakita, beste sei hilabete izango dira 'Cabacas auzia' ikertzeko. Duela lau urte zabaldu zuten 2012ko apirilaren 9an Ertzaintzak botatako pilotakada baten ondorioz hil zen Iñigo Cabacas Athleticeko zalearen heriotzaren inguruko ikerketa. Orain, beste sei hilabetez luzatuko dute instrukzio epea.

Fiskaltzak egindako eskaerari men egin dio epaileak atzo sinatutako baina gaur zabaldutako autoan. Akusazioak, Iñigo Cabacasen familiak, ikerketa beste 18 hilabetez luzatzea eskatu zuen, baina denbora horri "larregizkoa" iritzi dio epaileak. Komunikabide batean agertutako adierazpen batzuen ondotik hartu du erabakia epaileak. Egunkari horrek elkarrizketa egin zien ikerketapean dauden hiru ertzaini, eta hauek adierazi zutenez, gazteari tiro egin zion agentea "ez dute ikertu".

Auzian, Cabacasen gurasoek hainbat proba eta ikerketa egitea eskatu zuen, baina epaileak errefusatu egin zituen. Orain, epaileak gogorarazi du akusazio partikularrak helegitea jar dezakeela ezezko horren aurka.

Fiskalak babestu egin zuen ikerketa luzatzea, ertzainen adierazpenak kontuan hartuta, "ikerketa osatzeko", Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak aitortu duenez.

Calparsoro batzartu egin da gaur goizean Jone Goirizelaia akusazioaren abokatuarekin, abokatuak berak eskatuta, joan den astean aurkeztutako testu baten nondik norakoak azaltzeko.

Lau urteko ikerketaren ostean, auzia gaur zen bukatzekoa, PPren Espainiako Gobernuak mugak jarri baitizkie auzien instrukzioei.

Protesta epaitegiaren aurrean

Gaur goizean, Iñigo Gogoan plataformako kideek eserialdia egin dute Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, ikertzen jarraitzea eskatzeko.

Oier Amorrortu eta Marta Perez bozeramaileek "utzikeria" egotzi diete Fiskaltzari eta Epaitegiari. Horien esanetan, Ministerio Publikoak ez du probarik egin, eta epaileak "kostata" egin ditu.

"Azken lau urteak oso gogorrak izan dira, eta joan den astekoa gehiegizkoa izan zen: Fiskaltzak esan zuen ez duela beharrezkoa ikusten ikertzen jarraitzea, ertzain baten azken adierazpenak oso adierazgarriak izan badira ere", gaineratu dute.

Hori dela eta, gaurko protestarekin "aski da" eta "oraindik asko dago ikertzeko" aldarrikatu nahi izan dute.

Besteak beste, Ugarteko ("dena erabilita" oldartzea agindu zuen ertzainburua) inputatzea eta lekuan izan zen beste ofizial batek deklaratzea eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urteurrena Iñigo Cabacas Bilboko azken albisteak Ertzaintza Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea