Gizartea -

Araba Euskaraz

Uriarte: 'Euskal hezkuntza segurtasun juridikoarekin defendatuko dugu'

Hezkuntza sailburua Agurainen izan da, Lautada Ikastolak antolatutako Araba Euskaraz jaian: "Ikastolen alde egotea hezkuntza-sistema osoaren alde egotea da".

Cristina Uriarte eta Ana Oregi 2016ko Araba Euskaraz jaian. Argazkia: EFE.
Cristina Uriarte eta Ana Oregi 2016ko Araba Euskaraz jaian. Argazkia: EFE.
Hirugarren Araba Euskaraz prestatu dute gaurko Lautada ikastolakoek

1:46

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak "ahal duen neurrian" defendatuko du Euskadiko hezkuntza-sistema, eta gainera "segurtasun juridikoarekin" egingo du, Mariano Rajoyren Gobernuaren helegite eta dekretuen aurrean.

Uriartek parte hartu du gaur Araba Euskaraz jaiaren hasieran, alegia, Arabako ikastola hitzarmenduen festan. Aurten Aguraingo Lautada Ikastolak antolatzen du Araba Euskaraz.

"Gaur jaieguna da", azpimarratu du sailburuak, zeinak aseguratu duen Agurainen gaur daudenek erakusten dutela ikastolen eta euskararen alde daudela, "bai eta euskal hezkuntza-sistemaren alde; izan ere, ikastolen alde egotea hezkuntza-sistema osoaren alde egotea da".

Uriartek adierazi du Euskadiko hezkuntza-sarea ona dela, eta adibide moduan jarri du BBC kate britainiarrak berriki argitaratu duen erreportaje bat, non berorren kalitatea goraipatzen duten.

Lanean jarraitzea, sistema hobetzeko

Sailburuak argi utzi du Eusko Jaurlaritzak ez duela etsiko, eta lanean jarraituko duela, xede izanik sistema hobetzea. Ildo horretan, nabarmendu du defendatuko duela, ahal den neurrian eta segurtasun juridikoarekin, Espainiako Gobernuak jarritako dekretuen eta helegitearen aurka.

"Garrantzitsuena da hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzea, eta ez dugu inor atzean utzi nahi; horretarako, ezinbestekoa da adostasuna erdiestea, gero eta zabalagoa", esan du sailburuak; Uriartek gogorarazi ere gogorarazi du Hezkuntza Saila euskal Hezkuntza Lege berrian lanean diharduela.

Uriarteren iritziz, Euskadik behar du beste lege bat, "guztiona den lege bat", eta uste du lana luzea izango dela; sailburuak konpromisoa hartu du bilatzeko ahalik eta zabalenak diren akordioak.

Ordezkari politiko asko

Jaian, Uriartez gain, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua eta Ana Oregi Ingurumen sailburua ere izan dira, bai eta Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia. Halaber, zenbait hautagai eta politika-ordezkari ere bertaratu dira; hain zuzen, alderdi gutziek izan dute ordezkaritzaren bat, PPk izan ezik. Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere Agurainen izan da.

PSE-EEren aldetik, Kongresurako Arabako zerrendaburu Javier Lasarte izan da. Agiri baten bidez, PSEk azpimarratu du nolako aurrerapenak izan diren euskararen normalizazioan.

Halaber, arbuiatu du Konstituzio Auzitegiaren epaia, non EAEko irakasleei orduak gehitzen dizkieten eta ordezkapenak murrizten dituen, eta eskatu dio Eusko Jaurlaritzari ahalegina egin dezan euskal sistemaren kalitatea defendatzeko, epailearen agindua betetzean.

Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Ahal Dugu koalizioaren hautagaiak, bere aldetik, adierazi du, prentsa-ohar batean, euskara "giza kohesioaren eragileetakoa dela Euskal Herrian", eta azpimarratu du babestu eta zaindu behar dela. Lopez de Uralde ere izan da Agurainen.

"Herritarrek ikusi behar dute ondarea dela, eta eskubide bat, eta horregatik gaitzesten dugu euskara alderdiek erabiltzea euren onurako. Benetako elebitasunaren aldeko apustua egiten dugu, eta uste dugu gauzatu ahal dela modu gradual eta posibilista batean, ez era traumatikoan", azaldu du.

"Geroari begira"

Araba Euskaraz Arabako ikastolen aldeko festa hartzen ari da Agurain gaur, "Geroari begira" lelopean. Aguraingo Lautada ikastolak antolatu du aurtengo jaia eta badu esperientzia zeregin horretan; izan ere, antolatzen duen hirugarren aldia du. Gaur bildutako dirua eraikina eraberritzeko baliatuko du Lautada ikastolak.

Aguraingo Lautada ikastola gaztea da- 7 urteko ibilbidea du-, baina 200dik gora ikasle ditu. Angel Olalde Araba Euskarazeko koordinatzaileak Euskadi Irratian azaldu duenez, Lautada ikastolak "aurrera" begiratu nahi du. Olalderen esanetan, Agurainen eta Arabako lautadan euskaldunen kopurua hazteko ez da nahikoa haurren euskalduntzea bermatzea; aitzitik, helduek euskara ezagutzea eta erabiltzea ezinbestekoa dela uste du. Hori dela eta, aurten Aguraingo AEK omenduko dute.

Lau gunetan banatuta, adin eta gustu guztietarako ekitaldiak antolatu dituzte Agurainen: herri kirolak, tailerrak, haurrentzako jolasak eta pailazoak, eta, nola ez, musika kontzertuak.

Galzar gunea (1. gunea) kontzertuen gunea izango da eta, estilo askotariko doinuz jantziko da egun horretan. McOnak taldea 14:30ean igoko da oholtzara, eta ondotik Eraturen zuzenekoak hartuko du lekua. Bukatzeko, 17:30ean Hesianek itxiko du kontzertuen zikloa.

Hori gutxi ez eta, Sagarmin gunean (2. gunea) bestak beste, Oxabiren doinuak entzungo dira, baita Arramazkaren abestiak ere.

Hirugarren gunea, Bentatxo, dantzarako gunea izango da. Eguerditik hasita Zumba tailerra, Batukada eta Oskiozola taldea izango dira.

Laugarren gunea aldiz, haurren gunea izango da. Etxeko txikienek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen eta Eriz magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Eguna bukatzeko, 17:30etatik aurrera, haurrei zuzendutako disko festaz gozatzeko aukera ere izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Hezkuntza legea berriak Araba Eusko Jaurlaritza Euskararen Nazioarteko Eguna Araba Euskaraz albisteak Albisteak