Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Dozenaka pertsonak gaitzetsi dute Gasteizko hilketa matxista

Mugimendu feministak deituta, protestan parte hartu dutenek hilketa matxista gehiagorik ez egotea aldarrikatu dute.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan mugimendu feministak egindako elkarretaratzea. EiTB
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan mugimendu feministak egindako elkarretaratzea. EiTB
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan mugimendu feministak egindako elkarretaratzea. EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin dute Gasteizen, gaur ezagutu den hilketa matxista gaitzesteko.

Hain zuzen ere, 43 urteko gizon batek 60 urteko emakume bat hil du, eta, ondoren, gorpua zatitu eta Zadorra ibaira jaurti du, hura desagerrarazten saiatzeko. Joan den astean jazo zen krimena, baina gaur zabaldu da. Hiltzaileak aitortu egin du krimena, eta atxilotuta eraman dute, epailearen esku uzteko.

Horren ildotik, Gasteizko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du gaur, 20:00etan, Andre Maria Zuriaren Plazan, "Erasorik ez erantzunik gabe; emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartu; ni una más" zioen pankarta batekin.

Protestan, EH Bilduko eta Ezker Anitza-IUko ordezkariak izan dira. Bi alderdi horiek bertan behera utzi dituzte gaurko aurreikusita zituzten hauteskunde ekitaldi guztiak, hilketa gaitzesteko.

Koalizio abertzalearen partetik, Hasier Arraiz Sortuko presidentea eta Mikel Otero Arabako zerrendaburua izan dira, besteak beste. Ezker Anitza-IU ordezkatuz, aldiz, Damian Garcia batzarkidea eta Elena Arce Elkarrekin Ahal Duguren hautagaia egon dira bertan.

Udalak beste elkarretaratze bat deitu du asteazken eguerdirako, udaletxearen aurrean.

Gaitzespen adierazpenak

Emakundek "gaitzespen sendoa" adierazi du Gasteizko hilketa matxistaren aurrean, gizon batek emakume bat hil, gorpua zatitu eta gorpuzkiak Zadorra ibaira bota dituela aitortu ondoren Ertzaintzari.

Agiri batean, Emakundek babesa adierazi die biktimaren senide eta lagunei, eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontra "jarrera aktiboa" izateko eskatu dio gizarteari.

Antza denez, hiltzaileak eta biktimak elkar ezagutzen zuten, baina ez ziren bikotekide.

Gasteizko Udalak gaitzetsi egin du hilketa, eta biktimaren senideei laguntzak emateko prest agertu da.

Adierazpen instituzional batean, Udalak adierazi du emakumeen aurkako indarkeria arazo "soziala, politikoa eta publikoa" dela, eta horren jatorria “desberdintasuna mantentzen duen sistema patriarkala" dela.

Gainera, neurri "eraginkorrak eta zuzenak" abiatzeko konpromisoa hartu du, eta "benetako berdintasuna" lortzeko "baliabideak" bideratzen jarraituko duela aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Indarkeria matxista Espainian Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak bideoak Emakunde albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gasteiz Albisteak Matxismoa gaur Erailketak albisteak