Gizartea -

Memoria historikoa

Frankismoari lotutako titulu eta ikur guztiak baliogabetu ditu Urduñak

Hala erabaki du gaur Urduñako udalbatzak EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urduñako udalbatzak baliogabetu egin ditu frankismoari lotutako titulu eta ikur guztiak gaur goizean egindako ezohiko osoko bilkuran, EAJren eta EH Bilduren botoei esker, Udalak haren webgunean berri eman duenez.

Beraz, gaur onartutako adierazpenaren ondotik orain arte indarrean zeuden izendapen eta aitortza ikur guztiak bertan behera geratu dira.

Esaterako, Angel Salas Larrazabal, duela 80 urte Otxandio bonbardatzea agindu zuen piloto militar frankistari 1942ko abuztuaren 23ko udalbatzan eskainitako "Seme Kuttun" izendapena kendu zaio. 1961eko maiatzak 2ko udalbatzak, berriz, Francisco Franco Bahamonteri lehendabiziko Hiriko Diamante Domina eman zion, Urduñako udalak historian banatu duen bakarra; eta Jose Luis de Arrese y Magrari Sindikalismo Nazionaleko teorilari nagusietako bati, aldiz, Urrezko Domina. Ondorengo urteetan nola Sindikatu Erakundeak (Organización Sindical) hala Bizkaiko Diputazio Probintzialak jaso zuten Urduña Hiriko Urrezko Domina. Francisco Gandia Garciak, bestalde, Udalaren Zilarrezko Domina eskuratu zuen Bizkaiko Sindikatuen ordezkaria izateagatik. Zerrenda, alabaina, ez da hor bukatzen: 1965ean Fernando de Ybarrari, Lopez-Dóriga markes eta enpresariari eta Adolfo Muñoz Alonso falangistari Urrezko Domina eman baitzieten. Era berean, 1968ko ekainak 17ko udalbatzan militar frankisten buruak omendu zituzten Urrezko Dominak esleituz Angel Salas Larrazabali, Eugenio Herraiz Tierrari eta Nestor Almarza Basterrari.

Bestalde, Idoia Aginako alkateak aurreratu duenez, irailean memoria historikoaren inguruko jardunaldiak antolatuko dira.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gizartea Eguneko albisteak Frankismoa albisteak Urduña albisteak Memoria historikoa albisteak