Gizartea -

Greziako Karabana

Iruñeko bi gazte atxilotu dituzte Tesalonikan

Zabaldi gizarte-zentroaren arabera, biak aske utzi dituzte dagoeneko. Gaienra, atxiloketak eta EBren migrazio politika "kriminala" salatu ditu.

Irene Otal eta Nagore Gabilondo, prentsaurrekoaren une batean. Argazkia: Zabaldi
Irene Otal eta Nagore Gabilondo, prentsaurrekoaren une batean. Argazkia: Zabaldi

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko bi gazte atxilotu zituzten atzo Tesalonikan (Grezia), migratzaileei abegi egiten dieten hiru zentro husteko operazioetan. Aipatu operazioan Europako hainbat herrialdetik joandako ehun pertsona baino gehiago atzitu zituen Greziako poliziak, Karabana Greziara ekimenak jakitera eman duenez.

Iturri beren arabera, atxilotuak Nafarroako hiriburuko Zabaldi gizarte-zentroko kideak dira, eta migratzaileenganako eta errefuxiatuenganako elkartasun-ekimena den aipatu karabanan parte hartzen ari ziren. Aipatutako zentroak gaur, ostegunean, jakinarazi duenez, biak aske utzi dituzte dagoeneko.

Polizia autokudeatutako zentro bat husten ari zela gertatu ziren atxiloketak. Itxura denez, une horretan kolektibo internazionalista horrek Grezian egin nahi zituen hurrengo brigadak prestatzen ari ziren.

Zabaldi zentroko kideek Iruñean goizean emandako prentsaurreko batean azaldu dutenez, bi neskak umezurtzen etxe bat izandako eraikinean zeuden. Hura hustu du Poliziak, eta hondakinen artean geratu dira errefuxiatuentzat ziren janari, botika, arropa eta enparauak.

Elkarretaratzeak, "EBren migrazio politika kriminalaren kontra"

Irene Otal eta Nagore Gabilondo Zabaldiko kideek agerraldian salatu dutenez, hiru eraikin horien hustea "kezko hesi" bat bailitzan erabili dute, Pireon (Grezia hegoaldea) errefuxiatuen eremu bat ebakuatu dutela zabaldu ez dadin. Bertan zeuden 800 errefuxiatuak militarren gune batera eraman dituzte, Zabaldiko kideen hitzetan. Atxilo hartutako kideen lana goraipatzeaz gain, Europar Batasunaren "migrazio politika kriminala" salatu dute eta Greziako Karabanan ehundutako "elkartasun eta elkar-laguntza sareak" nabarmendu dituzte ekintzaileek.

Euren ekimen honekin "Grezian pilaturiko milaka pertsonen blokeoa ikusarazi" dutela azpimarratu dute, eta Karabanako kideak "milaka pertsonei ezartzen zaien gizagabeko egoeraren lekuko" izan dira. Zabaldiko kideen hitzetan, "isolamendua, pertsonen metaketa jasangaitza, osasun eta higiene baldintza penagarriak eta elikadura ezin txarragoa ikusi ditugu, eta honen aurrean gure gobernuek guk beste aldera begiratzea nahi dute".

Euren iritzian, "kolpe errepresibo" honekin, Grezian "migratzaileekiko elkartasunerako eta irtenbide autokudeatuetarako lekurik ez" dagoela adierazi nahi du Syrizaren gobernuak.

Hori guztia salatzeko elkarretaratze bana deitu dute Zabaldiko kideek Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Lehendabizikoa Greziako kontsulatuak Bizkaiko hiriburuan duen kontsuletxean egingo dute, ostegunean, 18:00etan. Ostiralerako daude deituta Gasteizkoa eta Iruñekoa: Andre Maria Zuriaren plazan (12:00) eta Iruñeko udaletxe plazan (19:00), hurrenez hurren.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Migrazioa Euskal Herria Gizartea Grezia Gaurko azken orduko albistea