Gizartea -

Luizia

Ondarroako Kamiñaldeko 70 familia etxera bueltatu dira

Luziagatik lau hilabete eta hamabost egun itxita egon ostean, Ondarroako Udalak Kamiñaldeko San Ignazio kalea zabaldu du gaur goizeko 11:00etan.

Kamiñalde auzoko San Ignazio kaleko bizilagunak, etxera bueltan. Argazkia: Ondarroako Udala
Ondarroako Kamiñalde auzoko San Ignazio kaleko bizilagunak, etxera bueltan.
Ondarroako Kamiñaldeko 70 familia etxera bueltatu dira

1:35

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luizi baten ondorioz lau hilabete eta hamabost egun itxita egon ostean, Ondarroako Udalak Kamiñaldeko San Ignazio kalea zabaldu du gaur 11:00etan. Horrenbestez, 70 familia inguru beraien etxeetara bueltatu dira eta kaleko denda gehienak martxa berreskuratzen hasi dira.

Kalea zabaltzearen albistea pozik hartu du Udalak baina oraindik ere kezkatuta jarraitzen dutela aipatu du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. "Pozgarria da kaleak eguneroko martxa berreskuratzea baina oraindik ere larrialdi egoera batean gaudela gogora ekarri behar dugu eta beraz, herritar guztiak beraien etxeetara bueltatu arte lanean jarraitu behar dugu", azaldu du alkateak Udalaren webgunean.

Mendian oraindik lanean ari dira makinak eta "zoritxarrez" epe laburrean San Ignazio kaleko beste bizilagunek ezin izango dute beraien etxeetara bueltatu. Hori dela eta, herriak bizi duen larrialdi egoera normaltasun egoerara itzuli arte lanean jarraituko duela aipatu du Ondarroako Udalak.

Horretaz gain, oraindik ere mendian egiten ari diren lanen finantziazioa lortzeko ahaleginetan jarraitzen du Udalak. "Bizi dugun larrialdi egoera honi erantzun ahal izateko laguntza eskatu dugu Bizkaiko Foru Aldundian eta baita Eusko Jaurlaritzan ere baina oraindik erantzun argi baten esperoan jarraitzen dugu eta bitartean fakturek iristen jarraitzen dute", esan du Bedialaunetak.

Ondarroako Udalak 17 milioiko gastuari aurre egiteko ahalmenik ez daukala eta beste erakunde publikoetara laguntza eske jo dutela gaineratu du Udalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Ondarroa albisteak Eguneko albisteak Harri-jausiak Lea-Artibai