Gizartea -

Sexu-erasoa

Sanferminetako bortxaketagatik atxilotutako 5 lagunak auzipetu dituzte

500.000 euroko fidantza ezarri die magistratuak. Bestalde, epaileak auzipetuak irailaren 2an galdekatuko ditu espetxeetan, bideokonferentzia sistemaren bidez.

Sexu-erasoaren aurkako elkarretaratzea Iruñean. Artxiboko irudia: EiTB
Sexu-erasoaren aurkako elkarretaratzea Iruñean. Artxiboko irudia: EiTB
Ustezko bost bortxatzaileek irailaren 2an deklaratuko dute, espetxetik

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18 urteko gazte bat uztailaren 7an, Iruñean, bortxatzea egotzita bost pertsona atxilotu eta espetxera bidali zituzten. Epaileak gizonak auzipetzea erabaki du orain, bost sexu-eraso delitu eta lapurreta leporatuta.

Epaileak auzipetuak irailaren 2an galdekatuko ditu espetxeetan, bideokonferentzia sistemaren bidez.

Auzipetzeko aginduaren aurkako helegitea aurkez dezakete Nafarroako Lurralde-auzitegiaren aurrean. Iruñeko epaitegietako magistratuak 500.000 euroko bermea ezarri die auzipetuei, “gertakariak oso larriak direlako, taldean eta behin eta berriro egin dutelako, koito anitzekin”.

Epaitegiak jakitera eman duenez, kriminaltasun zantzuak eta gertakariak zehazteko orduan biktimaren adierazpenak, froga biologikoak, auzipetuek beraiek grabatutako bideoa eta Udaltzaingoaren txostenak kontuan izan ditu magistratuak.

Autora arte lagundu behar zuten

Uztailaren 7an, 03:00ak aldera, ebazpenaren arabera, J.A.P.M auzipetua gaztearekin hitz egiten hasi zen Gazteluko plazan. Berak eta J.E.D., A.J.C.E., A.M.G.E eta A.B.F lau adiskideek autora arte lagundu behar zuten. Biktimak bertan lo egiteko asmoa zuen.

Bidean, Paulino Caballero kaleko atari bat zabalik zegoela aprobetxatuz, J.A.P.M.k atea ez ixteko eutsi eta gazteari “eskumuturretatik” heldu zioten. Atarian “behartuta sartu, inguratu eta nagusitasun fisikoaz baliatuz” sexu-erasoa bideratu zuten. Emakumeak ezin izan zuen uko egin.

Bien bitartean, A.M.G.Ek “bere mugikorrarekin, eta gainerakoen baimenarekin, dena grabatu zuen”. Ondoren gerriko poltsatik mugikorra kendu zioten biktimari, telefonoaren bi memoria txartel eta zorroa utzita. Gaztea jantzi eta ataritik atera zenean negarrez hasi zen. Ezezagun batzuek artatu zuten. Poliziari abisua eman zioten, sexu-eraso baten biktima izan zela aitortu ondoren.

Udaltzaingoari gertatutakoa kontatu zion berehala, eta egileen identifikaziorako datu erabakigarriak eman zituen. Erasotzaileak zezen-plazan aurkitu zituzten entzierroa bukatu ondoren.

Magistratuaren hitzetan, biktimaren baimenik ez zen sekula izan, inondik inora ere. Grabazioa horren lekuko dela ebatzi du epaileak, nagusitasun fisikoaren egoera bistakoa delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista gaur Sanferminak