Gizartea -

Igande honetarako

Elkarretaratzea deitu dute Portugaleten, Abasoloren fitxaketaren aurka

Igandean egingo dute, Bizkaiko aipatu udalerriko Florida futbol-zelaian. Herriko Mugimendu Feministak salatu du sexu-abusuak dituela eginak eta ez duela damurik agertu, ez eta barkamenik eskatu ere.

Paul Abasolo. Argazkia: @clubportugalete.
Paul Abasolo. Argazkia: @clubportugalete.
Paul Abasolo. Argazkia: @clubportugalete.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Portugaleteko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du iganderako, Florida futbol-zelaian, xede izanik protesta egitea Portugalete taldeak Paul Abasolo fitxatu duelako. Deialdiaren antolatzaileek salatu dutenez, Abasolok sexu-erasoak ditu eginak eta inoiz ez du damurik agertu, eta biktimei ez die barkamenik eskatu. Udalari eskatu diote, halaber, jarrera hartzeko.

Kolektibo hau Portugaleteko Udaletxera Joan da ostegun goizean, fitxaketa gaitzesteko, eta gogorarazi du nola indultu batek atera zuen kartzelatik jokalaria, "lau emakumeri sexu-erasoak eragiteagatik kartzela-zigorra betetzen ari zela".

Mugimendu Feministako ordezkari Aroa Zabalak azaldu duenez, eskatu diote Udalari jarrera hartzeko; izan ere, taldeak uste du "gizarte-garrantzia duen kontua da" hau.

Bozeramaileak esan du deialdia iganderako dela, 17:45erako, Florida futbol-zelaian. "Joan zaitez moreaz jantzita, eta eraman zaratatsua den zerbait. Ez diezagutela isilarazi, egin dezagun entzun gaitzatela!" aldarrikatu du.

"Ez zuen zigorra bete, indultua eman zioten"

"Ez dago esaterik jokalariak epaileak ezarritako zigorra bete zuenik, baizik eta indultua eman ziotela. Onura politikoa izan zuen kartzelatik irteteko", zehaztu du Zabalak.

Gainera, nabarmendu du ez dela inon ageri "Abasolok damurik agertu duenik, ez eta abusuak pairatu dituzten emakumeei barkamena eskatu dienik ere". "Ezin da esan errehabilitaziorik izan denik, ez badago damurik egindakoaren gainean eta barkamenik ez bada eskatu", salatu du.

Klubari gogorarazi diote fitxaketa honek gutxienez lau emakumeren sexu-askatasuna diskriminatzen duela; izan ere, zenbait epaiketak ebatzi dutenez, sexu-abusuak jasan zituzten. Hori dela eta, eskatu diote klubari "ez izateko aitzindari sexu-abusuak egindako bati ez baztertzen".

Mugimendu Feministaren bozeramaileak esan du "demagogikoa" dela esatea jokalariak "desabantaila soziala" duela. "Hainbat adierazlek kokatzen dute desabantaila sozialetik oso urrun; milaka lagun daude benetako giza desabantailan eta baztertzean, eta horien aurkako erasoa da hori esatea", nabarmendu du.

Klubarentzako mezua

Zabalak azaldu duenez, Abasolorena bezalako profila duen jokalari batek ez luke defendatu beharko Portugalete futbol taldeko elastikoa; izan ere, futbol-talde horrek zenbait balio ditu, hala nola tolerantzia, berdintasuna eta gainerakoentzako errespetua: "Ez luke ordezkatu beharko gure herriko kirol-ikurretako bat".

Futbol-taldeak, Zabalaren esanetan, "proiekzio publikoa" du, eta, hortaz, erantzukizun soziala dagokio, bai eta eredugarria izateko beharra ere. Besteak beste, "aukeren berdintasunarekin du konpromisoa", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Portugalete albisteak Azken ordukoa Bizkaia Eguneko albisteak